Bizkaia Aretoak Garapenerako Estrategia Positiboei buruzko Jardunaldiak hartuko ditu maiatzaren 23an eta 24an. Bilboko Udalak iragarri duenez, jardunaldi horiek ekintza humanitarioaren eta lankidetzaren arloko eragileei, emakumeen eta feministen elkarteei eta ikasleei eta ekintza humanitarioan eta generoan interesa duten pertsonei zuzenduta daude.

“Generoa ekintza humanitarioan: zelan bihurtu gure konpromisoa errealitate” izenburua duen edizio berri honetan, ekimen humanitarioetan genero-ikuspegia txertatzea aztertuko da, beharren diagnostikotik esku-hartzeen egokitzapenera arte, ekintza humanitario parte-hartzaileagorako eta eraldatzaileagorako gakoak emanez.

Jardunaldi horiekin, Bilboko Udalak eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak helburu hirukoitza lortu nahi dute. Alde batetik, premien diagnostiko azkarraren garrantzian sakontzea eta berau nabarmentzea, erantzun humanitarioaren kalitatea hobetzeko funtsezko tresna eta beharrezko ikuspegi gisa; beste alde batetik, izaera, testuinguru, tamaina eta ibilbide desberdineko erakundeek eta instituzioek generoaren zeharkakotasunaren inguruan egiten dituzten jardunbideak, esperientziak eta hausnarketak ikusaraztea; eta, azkenik, ekintza humanitarioan genero-ikuspegia txertatzeko oztopoei buruz eztabaidatzea, eta sentsibilitate eta genero-konpromiso handiagoa izateak eta tresnak aplikatzeak oztopo horiek gainditzen zelan laguntzen duten eztabaidatzea.

Topaketa, ekintza humanitarioaren eta garapenerako lankidetzaren arloan lan egiten duten eragileei (adituak, ikerketa-zentroetako eta unibertsitateetako langileak, GGKEetako teknikariak eta boluntarioak, erakunde publikoetako ordezkariak eta teknikariak), emakumeen eta feministen elkarteei eta ikasleei eta ekintza humanitarioan eta generoan interesa dutenei dago zuzenduta.

Bi jardunaldiak EHU/UPVko Bizkaia Aretoan egingo dira eta on-line emango dira. Euskarara, gaztelaniara, ingelesera eta frantsesera aldi berean itzuliko da, eta gutxieneko eskaera badago haurtzaindegi-zerbitzua izango da.

Garapenerako Estrategia Positiboei buruzko XIII. Jardunaldietan parte hartu eta jarraitu gura dutenek maiatzaren 17ra arte eman dezakete izena.