Bilbok martxan jarri ditu Gabonetarako aisialdi-programak

16.11.2021 | 16:57
Gabongune eta Gabonkide programen kartela.

Urtero bezala, Bilboko Udalak martxan jarri ditu Gabonetan uriko umeei bideratutako hiru aisialdi-programak: Gabongune, Gabonkide eta Gabonetan Primeran Kirola Eginez. Lehenengoa 3 eta 8 urte bitarteko umeei bideratuta dago, bigarrena 9 eta 11 urte bitartekoei, eta azkena, aldiz, 6 eta 16 urte bitartekoei. Aurtengo edizioan 1.700 plaza baino gehiago eskainiko dira.

Programa horien bidez, Bilboko Udalak euskarazko eta gaztelaniazko jarduerak proposatzen ditu, lana eta familia uztartzea bultzatzeko eta haurrei trebetasun berriak eta jolasak ikasteko eta beste adin txikiko batzuekin harremanak izateko.

GABONGUNE ETA GABONKIDE

Gabongune 3 eta 8 urte bitarteko umeentzat, (2013 eta 2018 artean jaioak), eta Gabonkide, berriz, 9 eta 11 urte bitarteko haurrentzat (2010 eta 2012 artean jaioak). Guztira, 411 plaza eskaintzen dira.

Programa bietan, Bilboko Udalak euskaraz eta gaztelaniaz egingo diren jarduerak proposatzen ditu. Ikasteko espazio bat eskaintzea da xedea, aisialdiko jarduerekin olgatzeko aukera emanez.

Programak 2021eko abenduaren 27tik 2022ko urtarrilaren 7ra arte egingo dira; horrela, eskoletako opor-egun guztiak beteko dira. Familiek egun solteetan – gehienez 4 egun- edo txanda osoetan eman dezakete izena, abenduaren 27tik 30era eta 2022ko urtarrilaren 3tik 7ra bitartean.

Programak 09:00etatik 14:00etara egingo dira, sartzeko eta irteteko ordutegi malguarekin – 09:00etatik 9:30era eta 13:30etik 14:30era, Deustu, Castaños, Begoña, Zazpi Kaleak, Abando, Irala eta Basurtuko udaltegietan.

Hauek dira programen prezioak, txandetako bat aukeratzen bada: 16,40 euro, arrunta; 12,30 euro familia ugarientzat; eta 6 euro Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen dutenentzat. Familiak egun solteak aukeratzen baditu (gehienez 4 egun), prezioa 6 eurokoa izango da egun bakoitzeko.

Aldez aurreko izen-ematea Bilboko Udalaren web-orrian edo udalaren informazio-telefonoan (010 / 944 010 010) egin daiteke, azaroaren 22tik (astelehena) 25era (eguena) arteko epean.

Plazak zozketa baten bidez emango dira. Zozketa hori azaroaren 26an egingo da. Emaitza biharamunean (azaroaren 26an) kontsultatu ahalko da udal web-orrian eta 944 010 010 / 010 Udalaren informazio-telefonoan.

Programetan plaza lortu duten familiek izena eman ahal izango dute azaroaren 27tik (zapatua) 30era (martitzena). Itxaron-zerrendan geldituz gero, Bilboko Udalak interesatuengana joko du, itxaron-zerrendaren hurrenkerari jarraituz.

Gainera, Otxarkoagan eta Zorrotzan Gabonguneko eta Gabonkideko programazioa eskainiko da Tendel eta Gure Lurra elkarteen bitartez. Informazioa jasotzeko eta izena emateko beharrezkoa da elkarte horietara zuzenean jotzea.

  • Otxarkoaga: 946 410 479 (9:00 - 13:00) / tendelelkartea@gmail.com
  • Zorrotza: 621 333 371 / www.gurelurra.org

"GEU ZAINTZEN"

"Geu zaintzen" da aurtengo Gabonetan egingo diren programen izenburua. Jardueren helburua da uria zaintzen ikastea, Garapen Iraunkorreko Helburuak ez ezik, Bilboko Balioen Agiria ere kontuan hartuta.

Programa hauek garatzean, indarrean dauden higiene- eta osasun-neurri guztiak beteko dira. Hartara, programatutako jarduerarik gehienak espazio irekietan egingo dira: Europa parkea, Areatza, Casilda Iturrizar parkea eta Bolintxuko ur-jauzira doan ibilbidea, besteak beste.

GABONETAN PRIMERAN KIROLA EGINEZ

Bilboko Udalak abian jarri du, aurten ere, "Gabonetan Primeran Kirola Eginez" izeneko egitaraua: 1302 plaza eskainiko dira aisia hezitzailea, osasuntsua eta kirol izaerakoa gozatzeko.

"Gabonetan Primeran Kirola Eginez" 2021eko abenduaren 27tik 2022ko urtarrilaren 7ra arte egingo da, kiroldegi hauetan: Txurdinaga (525 plaza), Deustu (315 plaza) eta San Ignazio (462 plaza, horietatik 42 kirol egokiturako).

Jarduerak, betiere, 9:00etatik 14:00etara izango dira, nahiz eta kiroldegietara 8:30etik aurrera sartzeko modua izango den, eta irtetea 14:30era arte. Nahitaezkoa izango da kiroletarako arropa eta oinetakoak, bainu-jantzia, txankletak, toalla eta txanoa ekartzea. Jarduera guztiak euskaraz eta gaztelaniaz izango dira.

Abonatuentzat, azaroaren 27tik aurrera (zapatua) hasiko da izena emateko epea, eta abonatuak ez direnentzat, azaroaren 30etik aurrera (martitzena). Izena ematea, bestalde, Bilbao Kirolak-en on line zerbitzuen bidez eta kiroldegi guztietako salmentarako makinen bidez egingo da.

Familiek egun bat, egun batzuk edo egun guztiak aukera ditzakete. Abonatuen prezioa 10,40 eurokoa da eguneko, eta 12,50 eurokoa eguneko abonatuak ez direnentzat.

noticias de deia