'Bilbao Arte Gela Irekia - BAGI'

Arte garaikidearen inguruko programa jarri du martxan Bilbok

13.04.2021 | 20:29
'Bilbao Arte Gela Irekia - BAGI' programaren kartela.

BILBO. Martxan da jada Bilboko Udalak Bilbao Aurrera 2021 Planaren barruan antolatutako arte garaikidearen inguruko programa berria. 'Bilbao Arte Gela Irekia - BAGI' izeneko ekimen honek sektorearen inguruko formazio, gogoeta, ekintza eta kritikarako programa da.

Deialdia Bilbao Arte Fundazioaren bidez egiten da, eta apirilaren 25ean amaituko da, eta tokiko artista eta kultur agenteentzat da, Udalaren egoitza horretan ikastaro, mintegi, artezko praktika eta jarduera zenbait egiteko.

Deialdi berri hau sortu da Bilbao Arten dagoeneko gauzatzen diren egonaldietarako eta produkziorako laguntzetarako programen osagarri moduan, eta zenbait proposamen hautatu bildu nahi ditu, formaziorako, bitartekaritzarako eta sorkuntzarako irekiak, artearen arloan eta/edo arlo profesionalean abiatuak dauden publikoentzat.

Era berean, ekimen honen xedea da artisten kolektibitatearen eta herritarren arteko lankidetzarako zubiak eskaintzea, gogoetarako gaitasuna, ezagutza, eta arte garaikidearen arloko ekintzen sustapena eta proiekzioa eragitearren.

Deialdi honetarako izendatutako diru-zenbatekoa 50.000 euro da, eta hauek dira banatuko diren laguntzak: lau dirulaguntza, 4.000 eurokoak; bi dirulaguntza, 5.000 eurokoak, eta lau diru-laguntza, 6.000 eurokoak.

"Laguntzen poltsa" hau, bestalde, "Artistak Koronabirusaren aurka" programaren jarraipena da, zeina joan den urtean sortu baitzen, Udalak abian jarritako Bilbao Aurrera 2020 planaren barruan, krisi sanitarioak erasandako kultur sektoreari laguntzeko abian jarritako neurri berezien artean

HAUTAKETARAKO IRIZPIDEAK

Baloratuko diren irizpideen artean izango dira proposamenaren kulturazko eta artezko interesa, profesionalen eta/edo parte hartzaileen kalitatea, gizartearentzako eta kulturarako errentagarritasuna eta, orobat, euskara erabiltzea. Gainera, parte hartuko duten proposamenak banaka nahiz taldeka eginak izan daitezke, eta programazioko ezaugarri guztiak zehaztu beharko dituzte: aurkezleak, jarduerak edo ekintzak.

Era berean, jakitera ematen da gehienez ere bi proposamen onartuko direla pertsonako eta/edo kolektiboko, eta mintegien, tailerren eta jardueren gaiak arte garaikidearen praktikaren ingurukoak izan beharko direla, arte garaikidearen zeharkakotasunik zabalenaren barruan: arte plastikoak, ikus-entzunezko produkzioak, performanceak eta artezko testu plastikoak iragartzeko gai den beste edozein lengoaia.

Proiektu guztiak Bilbao Arte Fundazioaren beraren instalazioetan gauzatu beharko dira.

Eskabideak mezu elektroniko bidez aurkeztuko dira, hemen: convocatorias@bilbaoarte.org. Epea apirilaren 25ean amaituko da.

KULTUR SEKTOREARENTZAKO DEIALDIA, BILBAO AURRERA PLANAREN BARRUAN

Kultur sektorearentzako deialdi hau Bilbao Aurrera 2021 Planaren barruan egindako beste bi hauei gehitzekoa da: Bilboko Udalak, hala, kultur sektorearen lanaren alde egiteko apustu irmoari eusten dio, eta saiatzen da arintzen covid-19ak eragindako krisi sanitarioaren ondorioak.

Neurri berri hauekin, ondorio horien inpaktua leundu nahi da, eta, aldi berean, Uriko kultur jarduera suspertu. Martxoan abiarazitako bi deialdi horietako lehena kultur eta sorkuntza proiektuak hautatzeko da, eta Bilboko kultura eta sorkuntza sektoreko profesional eta entitateen proposamenak bilduko ditu, eta, ondoren, Uriko kultur jardueren programazioari erantsiko zaizkio, eta 2021ean zehar gauzatu beharko dira. Deialdi honetan, 59 proposamen lagunduko dira diruz, guztira 500.698 euroko aurrekontuarekin.

Bigarrena, berriz, Bilbon ikus-entzunezkoak sustatzeko "Proiektuen poltsa" bat da, ikus-entzunezkoen eta zinemagintzaren sektorerako, eta gehienez ere hiru lan hautatuko dira, 14.000 eurorekin diruztatuko delarik bakoitza. Xedea da Urian ikus-entzunezkoen produkzioa sustatu eta babestea, Arriaga Antzokiaren eta ZINEBI Jaialdiaren bidez.

noticias de deia