BILBO. Astearte honetan, martxoak 23, Goya saria irabazi duten bilbotarrei omenaldia egin zaie Bilboko udaletxean. Bilboko alkate Juan Mari Aburtok Nerea Torrijos diseinatzailea, David Pérez Sañudo zuzendaria eta Aranzazu Calleja konpositorea hartu ditu udaletxean. Azken hori bere lankidearekin etorri da hitzordura, bera ere saritua izan baita: Maite Arroitajauregi eibartarra, Mursego izenez ezagunagoa dena.

Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantza zinegotzia, Xabier Ochandiano Ekonomiaren Garapen, Merkataritza eta Enpleguko zinegotzia eta Vanesa Fernandez Zinebiko zuzendaria lagun zituela, alkateak profesional horiek zoriondu ditu bilbotar guztien izenean. Gainera, eskerrak eman dizkie, Bizkaiko hiriburuaren eta euskal kulturaren enbaxadore izateagatik, eta zinemaren munduan aritu nahi duten emakume bilbotar gazteentzat adibide izateagatik.

Aranzazu Callejak eta Maite Arroitajauregik Musika Original Onenaren Goya jaso zuten "Akelarre" filmerako egindako lanagatik. Bestalde, Nerea Torrijosek Jantzien Diseinu Onenaren saria eskuratu zuen film berean.

Goya sarien 35. edizioan, Pablo Agüerok zuzendutako "Akelarre" filma izan zen sarituena, aukeran zituen 9 estatuatxoetatik 5 eskuratu baitzituen. Film hau drama historiko bat da, oso-osorik Euskal Herrian filmatu dena, Iparraldean nahiz Hegoaldean. XVII. mendeko sorginen gaia jorratzen du.

Calleja eta Torrijosekin batera, Goya sarian azken galan, David Perez Sañudo zuzendari bilbotarrak ere sarietako bat lortu zuen, Moldatutako Gidoi Onenarena, Euskadin eta euskara hutsean filmatutako "Ane" estreinako lanagatik.

Alkateak, 2021eko Goya Sarien irabazleen albistea jakin zuenean, pertsonalki deitu zien bilbotar sarituei, zorionak emateko eta batzar bat egitera gonbidatzeko.