BILBO. 6,4 milioi euroko aurrekontua inbertitu egin du Bilboko Udalak bukatu berri izan diren Zorrotzaurren Beta II eraikina berritzeko eta birgaitzeko lanak egiteko. Obrak urtebete luzeko iraupena izan dute.

Eraikina Udalaren jabetzakoa da, eta lehendik ere egin dira hartan egitura hobetzeko lanak, lehen fase batean: beheko solairua, solairuartea eta lehen solairua egokitzeko lanak egin dira, eta Mondragón Unibertsitateak hartuko ditu, bera izanik As Fabrik proiektuaren barruan Beta II eraikineko lehen maizterra. Bigarren eta hirugarren solairuak egiteke geratuko dira oraindik, eta itxita egongo dira obren hirugarren fasearen zain.

Obretako, Hiri Plangintzako eta Proiektu Estrategikoetako Sailak gauzatu du birgaitzea, eta eraikina, orain, atrio solairu guztietara ireki baten inguruan geratu da antolatuta. Kanpoan zein barruan, industria eremu baten izaerari eutsi nahi izan dio obrak. Horregatik, eraikinaren barrualdea industria-kontzeptu ireki batetik abiatuta eraiki da zurezko eta beirazko kutxetan sartutako espazioekin. Eraikinak harmaila gisako bi auditorio ireki izango ditu, eta haietako batek beheko solairua eta lehenengoa lotzen ditu.

Eraikinaren kanpoaldea ere birgaitu egin da osoki, eta beirate zabal-zabalak ezarri dira, eraikinaren barrualdera argi naturala sartzeko bidea nabarmenki hobetuz. Bistako adreiludun fatxadak osorik berreraiki dira, eta gainerakoak egurrezko xaflen bidez zaharberrituko dira.

Kanpoko sarbideei dagokienez, aldez urbanizatu dira, behin-behinean, arranpa, eskailera eta Beta I eraikinerako sarbidearekin lotuta.

BEHEKO SOLAIRUA

Eraikinaren beheko solairuan sarrera bat dago, atondo zabal batera zabaltzen dena, eta badago atrio bat ere, eraikina adina garai. Atondoa, harrera-eremua hartzen duena, bi eremutan banatzen da ondoren.

Alde batetik, azalera txikiagoko hegalak, iparralderago dagoenak, jatetxe-eremu bat du, taberna, jangela eta sukalde itxia barne hartzen dituena. Eremu horretan zurezko harmaila txiki bat izango du, atondora begira, erabilera anitzeko egongela gisa. Jatetxetarako eremu hori beirazko ateen sistema batekin ixten da, behar direnean irekitzen direlarik.

Beste eremuak, azalera handieneko hegalak eta hegoaldean kokatutakoak, irakaskuntza-jarduera hutsarekin lotutako espazioak hartzen ditu. Esparru itxiak zurez eta beiraz itxitako kaxa gisa planteatzen dira. Eremu horretan, auditorio handi bat egongo da, egurrezko harmaila gisa, beheko solairua lehenengoarekin lotuko duena, altuera bikoitzeko espazio batean.Hegal horretan auditorio edo hitzaldi-gela itxi bat ere badago, baina panel lerragarrien bidez erdiko gune irekirantz zabaltzeko aukerarekin.

Solairuaren izaera irekia denez, eta erabilera anitzeko espazioak itxita egon daitezkeenez edo ez, aurreikusita dago bi hegalak panel mugikor baten bidez bereizi ahal izatea; horrela, jatetxe-eremua ordutegi desberdinetan egon ahal izango da erabilgarri, bai irakaskuntza-erabilerarako, bai modu autonomoan erabiltzeko.

SOLAIRUARTEA

Eraikinean egin diren obren lehen fasean, solairuarte bat eraiki zen, erakinaren egitura baliatuz. Eremu hori, orain, coworking erako irakaskuntza erabilerak hartzeko gaitu da, espazio osoa irekita dagoela, konpartimenturik egin gabe.

LEHENENGO SOLAIRUA

Lehenengo solairu horretan, irakaskuntzako jarduerekin zerikusia duten erabilerak bakarrik kokatuko dira, neurri bateko eta besteko ikasgelekin eta beirazko itxiturekin. Solairu hori ere gunetan banatzen da; alde batetik, iparreko hegalean, irakasle gelak eta liburutegi irekia egongo dira; eta, beste alde batetik, eremu gehien hartzen duen hegalean, hegoaldean, ikasgela itxirik gehienak kokatuko dira.

AS FABRIK

As Fabrik Bilbaoren helburua da tokiko enpresen lehiakortasuna hobetzea eta Zorrotzaurre ekosistema berritzaile eta erreferentziazko gisa finkatzea 4.0 industriarako eta ekonomia digitalerako zerbitzu aurreratuen esparruan.

Horretarako, proiektuak Beta II eraikina izango du epizentro. Eraikin horretatik, datozen hiru urteetan garatu beharreko funtsezko lau jarduera koordinatuko dira, ekoizpen-eredu berri bat finkatzen laguntzea helburu dutenak:

  • Unibertsitateko ikasleei, pertsona ekintzaileei eta profesionalei zuzendutako prestakuntza-programak, 4.0 industriak ekonomia digitalean dituen erronkei aurre egiteko pentsatuak.
  • Eremu publiko eta pribatuko eragile edo interes-talde nagusien arteko networking-ekintzak, industria-sektorearen egungo eta etorkizuneko beharrei erantzuteko eraginkorra izango den estrategia bakar bat koordinatzeko.
  • Bilbon egoitza duten start-up-ak merkaturatzea sustatu eta erraztuko duten proposamenak, 4.0 industriak nazioartean kokatzeko behar duen teknologiarekin, espezializazioarekin eta adimenarekin lotutakoak.
  • Ideien behatoki eta laborategi bat martxan jartzea. Bertan, teknologiaren, 4.0 industriaren eta ekonomia digitalaren arloko joerak aztertuko dira, tokiko enpresek aurre egin beharreko erronkak identifikatzeko eta erronka horietarako irtenbide berritzaileak proposatzeko.

Horrela, talentuko eta berrikuntzako ekosistema bat sortzen da Bilbon, ezagutzan zerbitzu intentsiboak ematen dituzten tokiko enpresak garatzen eta industria-sektorea sustatzen lagunduko duena. Sektore hori aktiboki inplikatu behar da eraldaketa adimentsuko prozesuan, etorkizuna ziurtatzeko.

As Fabrik Bilbaok 5.807.642 euroko aurrekontu globala du, eta horietatik %80 -4.600.000- Europako Batzordeak onartutako diru-laguntza baten bidez ordainduko da, Eskualde Garapeneko Funtsaren (FEDER) bidez.