BILBO. Koronabirusaren pandemiak kalte handiak eragin du ekonomian eta, beraz, enpleguetan. Jende askok beren lanak galdu ditu konfinamendu garaian eta, hori dela eta, Bilboko Udalak enplegua sustatzeko 'Bilbao Berraktibatzen' izeneko programa abiarazi du. Gaur bertan, urriak 13, jarri da martxan. Programa honetan parte hartu nahi dutenek urriaren 23ra arte izango dute esteka honetan izena emateko epea.

Horrela, Bilboko Udalak, Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bitartez, berriz laneratzeko laguntza emango die covid-19aren pandemiaren ondorioz gaur egun langabezian dauden 100 bilbotarri.

Urriaren 28an egingo da lehenengo saioa egun horretan izena eman duten pertsona guztiekin. Bertan, berriz laneratzeko laguntza-programak iraungo duen bi hilabeteetako metodologiaren berri emango dute.

BERRIZ LANERATZEKO LAGUNTZA

Ekimenak Bizkaiko Foru Aldundiaren finantzaketa jasoko du Tokiko Enplegua 3 R deialdiaren barruan, eta, hain zuzen ere, xede zehatz bat izango du: parte-hartzaileak lan-merkatuarekin harremanetan jarri eta, zehazki, covid-19aren ostean enplegagarritasun handiagoa erakutsi duten sektore eta enpresekin.

Horretarako, Bilbao Berraktibatzen programak hautatuko pertsonei gaitasunak bultzatzeko laguntza emango die, alor digitalekoak barne, eta enplegua bilatzen hasteko ekintza-plan pertsonalizatu bat garatuko du.

Programak iraun bitartean, hainbat topaketa egingo dira enpresekin, gaur egungo zein etorkizuneko lan-aukerak identifikatzeko eta lehen eskutik ezagutzeko. Era berean, eta lan-merkatura sartzeko eta integratzea errazteko, bai eta bertan mantentzea ere, banakako jarraipen-plan egingo da.

BILBAO AURRERA, HIRIA BERRIZ AKTIBATZEKO PREMIAZKO NEURRIAK

Bilbao Berraktibatzen programa udalak sustatutako plan global baten barruan gauzatuko da. Bilbao Aurrera deritzon Gizarte Kohesiorako, Ekonomia eta Enplegua Suspertzeko eta Bilboko Kulturaren aldeko Neurrien Plana, covid-19ak eragindako egoerari aurre egiteko.

Covid-19ak eragindako osasun-krisiari aurre egiteko udalak aurten martxan jarri duen premiazko eta behin-behineko planak hiru jarduketa-eremu zehatz izango ditu hirian:

  • Ekonomia eta enplegua berriz aktibatzea, 11,4 milioi eurorekin.
  • Berraktibatze sozialerako ekimenak, 2,2 milioi eurorekin.
  • Kultura-ekintzak, 1,3 milioi eurorekin.

Guztira, 15 milioi euro bideratuko dira 50 neurri baino gehiagorekin, eta neurri horien bitartez, arreta berezia jarriko da hiribilduko pertsona eta enpresetan, batik bat, tokiko txikizkako merkataritzan, ostalaritzan, hoteletan, turismoan eta kultura- zein sormen-industrietan.