BILBO. Martxan da artista gazteen sorkuntzak sustatzeko helburua duen VillaSoundBilbao jaialdiaren lehenengo edizioa. Bilboko Udalak abiarazitako ekimen honek musikarekin erlazionatutako hainbat ekintza eskainiko ditu 2020an eta 2021ean.

2021eko apirilean, VillaSoundBilbao jaialdiaren barruan, 4 kontzertu egingo dira Bilborocken. Horretarako, epaimahai profesional batek Euskadiko eta Nafarroako 12 bakarlari edo talde gazte aukeratuko ditu. Lau kontzertuetako bakoitzean aukeratutako 3 talde eta talde gonbidatu bana arituko dira. Kontzertuak doakoak eta sarrera librekoak izango dira, lekua bete arte.

Kontzertu horietan parte hartu nahi dutenek esteka honetan aurkez ditzakete beren lanak, ostegunean, urriaren 1ean, hasi eta azaroaren 9ra arte. Urtarrilaren lehen hamabostaldian jakinaraziko dira aukeratutako taldeak.

Itxaso Erroteta zinegotziak, epaimahaikide eta gazteen musikaren arloari lotutako Lorea Argaraterekin batera, VillaSoundBilbao jaialdia aurkeztu du gaur goizean. Errotetak azpimarratu duenez, jaialdi berritzaile honen ezaugarri "garrantzitsuenetako bat" da aukeraketa irekita dagoela egungo edozein musika motatarako (rocka, popa, metala, trapa, elektronika, folka, egileena) edo horien arteko fusioetarako, "ez da musika estilo jakin batera mugatzen, gure asmoa proposamen gazte eta kalitatezkoak aurkitzea baita, kategoria batean edo bestean sartu behar izan gabe". "Sektoreko gazteek beraiek adierazi digute erosoago sentitzen direla musika egiten, musika hori estilo jakin batekin lotu gabe", gaineratu du Errotetak.

Gazteria eta Kirol Saileko zinegotziak azpimarratu du VillaSoundBilbao jaialdiak musikaren panoraman emakumeen presentzia sustatzen lagundu nahi duela, "horregatik, emakumeak jaialdiaren fase eta jarduera guztietan egongo dira", "emakumez osatutako bakarlariei edo bandei ikusgarritasuna eman nahi diegu".

Bilborocken 4 kontzertu eman ondoren, showcasean parte hartzen duten 12 taldeetatik 6 talde VSB MENTORING prestakuntza-programa batean parte hartzeko aukeratuko dituzte. Programa hori 2021eko maiatzetik urrira bitartean garatuko da, eta hautatutako talde edo bakarlarien beharrizanetara egokituko da. Ildo horretan, Errotetak adierazi du "jarduteko espazioak eskaini nahi dizkiegu, baina baita laguntza eta prestakuntza programa bat ere, bandak bultzatzeko eta indartzeko, tresnak eta aholkularitza espezializatua emanez, beren jarduera profesionalizatu ahal izan dezaten".

Profesionalek emango dute prestakuntza hori, eta hainbat gai jorratuko dituzte: sare sozialetan edukiak ekoiztea, ekoizpen teknikoa, zuzeneko interpretazioa hobetzea eta optimizatzea, jabetza intelektuala edo eskubideen kudeaketa eta sustapena, kontzertuak, birak eta enpresa sustatzaileekiko harremanak.

2021eko maiatzean, VillaSoundBilbao jaialdiaren esparruan, hainbat kontzertu programatuko dira uriko hainbat gunetan. Gazteen musika-panoraman gora egiten ari diren 10 taldek beren sorkuntzak erakutsiko dituzte, emakumeen presentzia duten talde gazteen protagonismo sendoarekin eta musika-estilo anitzekin. Talde horiek musika-sektoreko profesional-talde batek aukeratuko ditu. Talde horrek programa bat osatuko du, une horretan nabarmentzen ari diren proposamen musikal askotarikoak eta heterogeneoak eta sortzen ari direnak bateratuko dituena, eta Bilboko publikoarentzat erakargarria izango dena.

Programa VSB Tourrarekin amaituko da, 2021ean. VSB Mentoring prestakuntzako eta lagun egiteko aldiaren ondoren, parte hartuko duten sei taldeetako bat Estatuko hiri batzuetan jotzeko aukeratuko dute. Lau kontzertuko bira izango da eta 2021eko azken hiruhilekoan gauzatuko da. Helburuak dira banden proiekzioa bultzatzea, beste leku batzuetako banda gazteekin sinergiak sortzea eta pertsonen talentua Bilbotik kanpo proiektatzea.

Jaialdi honen hasiera datorren hilean, azaroan, izango da Bilborocken, VSB Talk jardunaldi irekiarekin. Jardunaldi hori doakoa izango da eta bertan, profesionalek musikaren sektorean gazteentzat interesgarriak eta garrantzitsuak diren gaiak jorratuko dituzte. "Musikaren etorkizuna: zuzenekoaren eta sarearen artean" izenburupean, honako gai hauek jorratuko dira: zuzendarien garrantzia, musikaren negozioa, zuzenekoaren esperientzia streaming bidezko kontzertuekin ordezkatzeko aukera eta sektoreak dituen erronkak.

Jaialdiak irauten duen bitartean, unean uneko segurtasun-neurri guztiak errespetatuko dira. Osasun-egoeraren arabera, baliteke jaialdia egiteko datak eta aurreikuspenak aldatu behar izatea.