BILBO. Bilboko hirugarren barrutia magiaz beteko da datorren ostegunetik aurrera. Otxarkoagak eta Txurdinagak Magiaren Topaketen hamaseigarren edizioa jasoko dute urriaren 1etik 30era bitartean. Denbora horretan 13 hitzordu eskainiko dira.

Egitaraua ostegunean, hilak 1, inauguratuko da 'Magia zazpigarren artean' erakusketarekin. Erakusketa Otxarkoagako udaltegian egongo da, hilaren 30era arte. Erakusketa interaktibo eta hirueledunean, QR kodea duten laminen, argazkien eta garai bateko kartelen bidez, ilusionismoaren eta zinemaren arteko harremana ikusi ahal izango da.

Magia Topaketetan programatutako jarduera guztietan sarrera doakoa izango da, harik eta lekuak bete arte.

MAGIA EMANALDIAK

Aurten, nazioartean ezagunak diren magoak daude programan: Jean Philippe Atchoum frantziarra (urriak 17, Garai lorategiak), Frantziako Magia Txapelketa Nazionalean bi aldiz saritua eta 'Balloon World Championship' lehiaketako lau aldiz irabazlea (AEB, Belgika) edo Los Taps (urriak 22, Otxarkoagako udaltegia), Magia komikoko sari nazionala eta Magia komikoko Europako FISM saria.

0 kilometroko eszenaren eta kalitatezko kulturaren aldeko apustua eginez, edizio honetan bertako konpainia eta magoak izango dira gehienak. Hala, aipatzekoak dira Dramagia Euskadiren 'Sin varita y con sombrero' ikuskizunaren estreinaldia, urriaren 4an Ugarte plaza hartuko duena agertoki gisa; eta Tor Magoa (urriak 7, Otxarkoagako udaltegia); d 'Albeniz (urriak 16, Garaiko lorategiak); Eriz Magoa (urriak 17, Garaiko lorategiak); Eriz Magoa + Marsel (urriak 21, Otxarkoagako udaltegia); eta Sun Magoa (urriak 18, Garaiko lorategiak). Azken horrek hainbat sari irabazi ditu: Magiako Estatuko Saria eta telesaio ezin hobearentzako Tve1 saria, besteak beste. Gainera, Harry Houdini pertsonaia jokatzen du "Club Houdini" telesailean, Disney Channelen.

Guztiek euren trikimailurik onenak, komedia magikoa eta mentalismoa partekatuko dituzte ikuskizunez gozatzera hurbiltzen direnekin.

GALAK ETA HITZALDIAK

Magiaren Topaketen barruan hiru gala egingo dira. Lehenengoa, 'On Stage: Euskal Magoak', Garai lorategietan izango da, urriaren 3an. Bertan, ilusionismoaren artearen hainbat diziplinaren aukeraketa ikusi ahal izango da Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako artistekin.

Bigarrena, 'Emakume Magikoak', hilaren 23an izango da eta bertan Amélie eta Martilda magoak eta Los Taps bikotea izango dira protagonista.

Aurtengo egitaraua "Atera barruan daramazun magia" izeneko lehiaketaren VII. Galarekin osatuko da, Magiaren Topaketen XVI. edizioari amaiera emango diona, urriaren 30ean, Otxarkoagako udaltegian. Bertan, 'Atera barruan daramazun magia' lehiaketa amateurraren sei edizioetan saritutako ikuskizunekin gozatu ahal izango da.

Magiaren Topaketen egitarau oparo eta osoaren barruan, 'Magia por aquí, cine por allá' hitzaldia egingo da urriaren 28an Otxarkoagako udaltegian, magiari eta haren irudikapenari buruz eta filmekin duten harremanari buru

OSASUN-SEGURTASUNA

Osasuneko protokoloak zorrotz beteko dira ekitaldi guztietan, osasun-segurtasuna ahalik eta gehien bermatzeko. Halaber, maskara derrigorrezkoa izango da Magiaren Topaketetako ekitaldi guztietan.