BILBO. Hurrengo astelehenean, ekainak 22, Bilbobusek udako ordutegia estreinatuko du. Urtero bezala, autobus zerbitzuaren ordutegi eta maiztasunak aldatu egingo dira biztanleriaren beharretara moldatzeko.

Udako ordutegi berriaren xehetasun guztiak, Bilbobuseko markesinetako kartel eta fitxa informatiboetan kontsulta daitezke, baita BioBidek bezeroei arreta emateko duen bulegoan ere (Poza Lizentziatua, 8).

Gainera, ordutegia Bilbobusen aplikazioaren bidez edo udal webgunetik deskargatuta ere kontsulta dezakete erabiltzaileek. 010 Bilboko Udaleko informazio telefonora deituta ere kontsultatu daitezke ordutegiak.

COVID-19 GAITZAREN KONTRAKO NEURRIAK

Covid-19ak ekarri duen egoeraren aurrean, Bilbobusek erabateko segurtasuna bermatzeko protokoloa garatu du.

Izan ere, Bilbobus da Euskadin hiri garraioko lehen enpresa lortzen duena AENOR-ek (Espainiako Normalizazio eta Ziurtapen Elkartea, Asociación Española de Normalización y Certificación) Covid-19 gaitzaren kontrako kudeaketaren protokoloei buruz ematen duen ziurtagiria. Horrela, egiaztatuta geratu da udal-zerbitzua protokolo egokiak aplikatzen ari dela Covid-19aren aurrean, eta bere zerbitzuak ahalik eta higiene eta osasun berme handienekin egiten direla.

Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailaren xedea da Bilbobusen zerbitzuak erabiltzen dituztenei konfiantzarik handiena eskaintzea bidaiatzeko, eta, hala, garraio publikoa erabiliz mugitzeko dituzten ohiturak berreskuratzeko; funtsezko alderdia da hau, itxialdiaren mailetan behera egiteko urrats hauetan ohikotasunera arrakastaz itzultzeko. Esaterako, erabiltzaileen eta gidarien arteko tartea gordearazteko, beirazko itxiturak edo batzeko eta hedatzeko errezelak ipini dira.

Bilbobusen Covid-19 gaitzaren kontrako protokoloak AENOR-ek ziurtatzen ditu, eta jasota daude haietan Bilbobusen erabiltzaileak zerbitzuekin kontaktuan sartzen diren une guztiak, ibilbidea hasi aurretik, bitartean eta amaitutakoan kontaktu hori gerta daitekeen une guztiak. Horrez gain, egiaztatu da bat datozela Estatuko eta nazioarteko organismo batzuek eta besteek (hala nola Osasun Ministerioak edo Laneko Segurtasun eta Osasuneko Estatuko Institutuak€) emandako gomendio eta betebeharrak aintzat hartuz osatutako gidarekin.