BILBO. Segurtasun neurri berriak jarri dira Bilbobusen zerbitzuetan, erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko. Puntako orduetako zerbitzuen % 100a mantenduko da, baina besteak beste, eseraitako plazen erdia erabili ahal izango da bakarrik, eta metro koadro bakoitzeko bi erabiltzaile joan ahal izango dira bakarrik.

Gainera, gehienez sartu ahal den jende kopurua dela-eta inor ez dadin geratu bidaiatu barik, Bilbobusek autobus gehigarriak ipini ditu hiri osoan zehar, bidaiari gehiago hartu ezin dituzten ibilgailuen ibilaldiak osatzearren. Era berean, nahitaezkoa da maskarak erabiltzea Bilbobusen autobus guztietan; Barik txartela baino ez da onartuko ordaintzeko, eta erdialdeko eta atzealdeko ateetatik baino ezingo da autobusetara sartu.

GARBIKETA PROTOKOLO ZORROTZAGOA

Joan den martxoaren 10etik, Bilbobusek abian du ezohiko garbiketa-protokolo bat, eta geroz eta zorrotzagoa bihurtu da, geroz eta neurri estuagoekin. Era horretan, Udalaren zerbitzuak badu gel hidroalkoholikoa lainoztatzeko plan berezi bat, gainazalak eta gehien ukitzen diren guneak desinfektatzearren, hala nola heldulekuak, giderrak edo irekitzeko agintzeko botoiak. Halaber, garbiketa lasterreko zerbitzua ere areagotu egin da, beste txanda bat gehituz eta txanda zatituak ezarriz asteburuetarako.

Horrez gain, Bilbobusek baditu ozonoa lainoztatzeko hiru makina ere. Haietako bi eguna amaitzean ibilgailuak erretiratzean erabiltzen dira, bai eta egun osoan zehar ere, garbiketa lasterreko lanetarako, ibilaldi-buru batzuetan eta besteetan. Hirugarren makina ikuskapeneko ibilgailuetarako, bulegoetarako eta Bilbobusen gainerako instalazioetarako baliatzen da. Halaber, aldian-aldian, desinfekzio-ekintza berezi bat egiten da autobus guzti-guztietan.

Bestalde, Bilbobusek gel bana banatu du langileen artean, eta bai ere alkohol ontziak eta toallatxoak eman autobus gidari guztiei, eskuak garbitu ahal izateko.

Horrez gain, egun hauetan garbitasuna areagotzen dela bermatzeko neurri horiek ezartzeaz gain, garajeetan leku bat egokitu da, zintekin berezia, behar izanez gero desinfekzio lasterrak egiteko.

FUNIKULARRA ETA IGOGAILUAK, SEGURUAGOAK

Beste alde batetik,funikularrean eta 44 udal igogailuetan (egunean 24 orduan ematen dute zerbitzu), sartu ahal den jendearen kopurua handitu egin da, edukieraren % 50era arte. Haietan sartzeko, ostera, beharrezkoa da maskara erabiltzea. Bilbok baditu, gainera, 20 arrapala edo eskailera mekaniko, hiriko 5 gunetan, eta haietan ezarritako muga bakarra da espazio publikoetan elkarren artean gorde beharreko tartea.

Azkenik, gogoratu beharra dago taxian ere maskara eraman behar dela jantzita. Bidaiari kopurua, taxietan, jarleku-ilarako 2 pertsona da gehienez (badira 3 jarleku-ilara dituzten taxiak ere); gidariaren ondoko jarlekuak, ostera, hutsik joan behar du beti.