BILBO. Gaur hasiko diren Udaltzaingoaren Begoñako Ikuskaritza handitzeko lanek lau hilabete iraungo dituzte. Horiek aurrera eramateko, Udalak 348.987 euroko aurrekontua bideratu du.

Zehazki, ekipamenduaren eremua handitzea ekarriko dute obrek, egun dauzkan 295 metro koadroetatik geroko 481 metro koadroetaraino. Horrez gain, handitzearekin batera, lehendik zeuden eremuak hobetzeko lanei ere ekingo zaie; hobekuntzak bi alde izango ditu: herritarrei arreta ematearen aldetik (bestelakotasun funtzionalarekiko pertsonentzat egokituko da) hobetuko da, eta agenteen euren jarduerarako ekipamenduen aldetik ere bai, telekomunikazio eta bideozaintza sistema berriez hornituz instalazioak.

Beste alde batetik, guneen banaketa berriak ere lagunduko du eskainiko den zerbitzua hobetzen, zeren eta, obrak amaitutakoan, Begoñako Ikuskaritzak genero-indarkeriaren biktimei laguntzeko areto bat izango baitu, eta beste gune bat hainbat erabileratarako, agenteek herritarrekin eta elkarteekin biltzeko erabiliko dutena.

Nabarmendu behar da ezen, lanak egin bitartean ere, herritarrentzako zerbitzua egunean 24 orduan emango dela.

Begoñako Ikuskaritzak 70.000 herritarri baino gehiagori ematen die zerbitzu, Arabella, Zurbaran, Otxarkoaga, Txurdinaga, Bolueta, Santutxu eta Begoñako auzoetako herritarrei, hain zuzen. 67 langile ari dira han lanean: 11 agintendun eta 56 agente operatibo (7 emakume eta 49 gizon).