Sopelako Udalak hobekuntzak egin ditu Iturrieta parkean
Jarduera hau egitearen ideia 2024-2025 aurrekontu parte hartzaileen prozesuan sortu zen, eta kirolerako, aisialdirako eta sozializaziorako aukerak zabalduko ditu espazio publiko horretan
Sopelako Udalak 49.610,49 euroko aurrekontua bideratu du Iturrieta parkean zenbait hobekuntza egiteko, aisialdirako eta jarduera fisikorako aukerak handitzeko helburuarekin, 2024-2025 Aurrekontu Parte-hartzaileetan onartutako proposamena errealitate bihurtuz.
Aldaketarik nabarmenena kalistenia gunea izan da. Bertan, osagai berriak jarri dira erabiltzaileek helarazitako eskariei erantzunez. Espazio horrek aire zabalean entrenamendu osoak eta funtzionalak egiteko aukera ematen du, eta, gainera, konstantzia, kontzentrazioa eta nork bere burua gainditzea bezalako balioak sustatzen ditu.
Horrez gain, frontoiaren alboan, ping pong gune berri bat jarri da. Espazio honek aisialdi aktiboko alternatiba bat eskaintzen du, adin guztietarako irisgarria, ariketa fisiko moderatua, estimulazio kognitiboa eta dibertsioa uztartuz.
Azkenik, parkean, xakea praktikatzeko gune bat sortu da, bi mahaiz hornitua. Espazio horrek ariketa kognitiboa sustatzen du estrategiaren, memoriaren, sormenaren eta kudeaketa emozionalaren bidez, eta adin desberdinetako pertsonen arteko sozializazioa bultzatzen du.
Esan bezala, jarduketak 49.610,49 euroko inbertsioa izan du. Jarduera honekin, Udalak, garapen pertsonalerako hainbat modu osatzen dituzten ekipamenduak gehitu nahi izan ditu, kalisteniaren jarduera fisikotik hasita ping-pongaren trebetasun teknikora eta xakeak eskaintzen duen estimulu kognitibora.
Gainera, kalistenia eremua hobetzea Sopelako Kirol Plan Estrategikoan zehaztutako ekintzen barruan sartzen da. Zehazki, Udalaren kirol-instalazioak modernizatzea eta handitzea. Kasu honetan, kirola aire zabalean libreki egitea ahalbideratzen du jarduketa horrek.
2024-2025eko aurrekontu parte hartzaileetatik sortutako proiektua
2024ko azaroan bukatutako aurrekontu parte hartzaileen prozesuan aukeratutako proiektu batean izan du jatorria orain egindako jarduketa hauek: “Iturrieta parkean hobekuntzak egitea, Sopelako gazteen beharretara egokitzeko (kalistenia parkea osatzea, ping-pong mahaiak jartzea…)”. Horretarako, 50.000 euro aurreikusi ziren.
Parte hartze prozesu berean, argiteria publikoa berritzea ere aukeratu zen, intentsitate txikiko LEDak instalatuz. Proiektua dagoeneko lizitatu eta esleitu da, eta partida 50.000 eurotik 179.675,26 eurora handitu da.
Horiez gainera, azken jarduketa bat geldituko litzateke egiteko: “Kurtzioko gaztelekuan hobekuntzak egitea, gazteentzako lekua zabalduz”, 40.000 euroko aurrekontuarekin. Hala ere, azken proiektu hori ezingo da gauzatu, gaztelekua handitzeak KZgunea kentzea suposatuko lukeelako, espazio faltagatik. Arazo hau konpontzeko, 2026ko udal aurrekontuetan 84.700 euro daude aurreikusita.
Horretarako, nerabe eta gazteen eskakizunak hartuko dira kontuan: 2025ean EHUko UdalHez proiektuan nerabeekin egindako herri diagnostikoan 503 galdetegi bete ziren, Iberre institutuaren eta Ander Deuna Ikastolako DBHko ikastolako ikasleen laguntzarekin. Horrez gain, Zipiriñeko IGEko kideen eta parkeen hobekuntza alorrean interesa erakutsi duten zenbait gurasoen ekarpenak ere kontutan hartuko dira.
2024-2025 aurrekontu parte hartzaileen prozesuan aukeratutako gainerako proiektu guztiak gauzatuta daude. Besteak beste, Zipiriñeko eskolaren ondoan, hesiaren kanpoaldean, iturri bat jartzea, bidegorria Akilino Arriolatik Zipiriñe eskolaraino luzatzea eta Sopelako Udalaren Zuhaitz Plana gauzatzea.