Amorebieta-Etxanoko Udaberri Euskal Dantzari Taldeak bere 60. urteurrena ospatzeko egitarau berezia eta zabala aurkeztu egin du, dantza-saioz, erakusketaz eta kale-ekitaldiz osatutakoa. Herritarren parte-hartzea sustatu nahi du taldeak programazio honekin, urteurrena herriarekin batera ospatzeko.

Urteurrenaren harira antolatutako egitarauaren nondik norakoak asteazkenean goizean, martxoaren 25ean, aurkeztu dira prentsaurrekoan, Ainhoa Salterain Amorebieta-Etxanoko alkatea, Jesus Goiria taldeko lehendakariordea eta Igone Idigoras idazkaria bertan zirela. Aurkezpenean azpimarratu dutenez, 60 urteko ibilbide hau hasiera-hasieratik taldearekin elkarlanean aritu diren Amorebieta-Etxanoko pertsona askoren lanari eta laguntzari esker izan da. Ospakizunak jasotako laguntza guztia ezkertu eta etorkizunera begirako transmisioa eta belaunaldi berrien parte-hartzea sustatzea du helburu.

Ainhoa Salterain alkateak nabarmendu duenez “Udabarri dantzari taldea gure udalerriko erreferente kulturaletako bat da, tradizioaren eta herri-parte hartzearen balioaren adibide argia. 60. urteurren honek taldean parte hartu duten pertsona guztien lana aitortzeko eta euskal dantza herritar guztiengana hurbiltzen jarraitzeko aukera paregabea eskaintzen du”.

Urte osoan zehar antolatutako ekintzak, herritar guztientzat irekita

Egitaraua Aste Santuaren ostean hasiko da, apirilaren 18an, herriko dendetan jarriko den dantza-jantzien erakusketarekin. Egun berean, Dantza Plazan saio irekia egingo da, AIKO taldeak gidatuta eta herritar guztien parte-hartzera zabalik. Astebete geroago, apirilaren 25ean, Durangaldeko Ezpatadantzari Eguna ospatuko da lehen aldiz Amorebieta-Etxanon.

Era berean, maiatzaren 23an, barriro ere Dantza Plazan saio irekia izango da, oraingoan Eingo taldeak gidatuta.

Ekainaren 6an izango da urteurreneko ekitaldi nagusia, frontoian egingo den dantza-ikuskizun handia, 150 dantzariren parte-hartzearekin. Emanaldi berezi honetan Udabarriren 60 urteko ibilbidea omenduko da, belaunaldi desberdinetako dantzariak elkartuz eta euskal dantzaren indarra, transmisioa eta bizitasuna agerian jarriz. Hilabete berean, ekainaren 27an, Larrain Dantza egingo da herriko plazetan, herritarrei irekita.

Udako hilabeteetan ere jarraituko dute ospakizunek. Uztailaren 16an, Karmen Egunean, Larran egingo den ekitaldiarekin eta herriko jaietako euskal erromeriarekin izango dute jarraipena.

Irailaren 19an, larunbata, goizean kalejira egingo da, ondoren herri-bazkaria, eta bazkalostean jaialdia izango da, Patxi eta Konpainia taldearen eskutik. Azaroan, dantza-ikuskizun berezi batek emango dio amaiera urteurreneko programari.