Urtero bezala, Amorebieta-Etxanoko Udalak udalekuen edizio berri bat aurkeztu egin du. Aurten bi programa jarri ditu martxan, ohiko udalekuak alde batetik eta GaueroUDAN 2026 gazte programa bestetik. Astearte honetan, martxoaren 24an, irekiko da programa bietan izena emateko epea.

Udaleku Irekiak 2026

2014 eta 2022 artean jaiotako haurrei zuzenduta (4 eta 12 urte bitartekoak), Udaleku Irekiak 2026 lau aste independentetan garatuko da: ekainaren 22tik 26ra, ekainaren 29tik uztailaren 3ra, uztailaren 6tik 10era eta uztailaren 13tik 17ra.

Familiek bi ordutegi mota aukeratu ahal izango dituzte: A txanda, 09:00etatik 13:00etara, eta B txanda, jangela zerbitzuarekin, 09:00etatik 15:00etara. Gainera, bi txandek harrera-zerbitzua izango dute 08:00etatik 09:00etara. Asteko prezioa 54,50 eurokoa da A txandan eta 81,75 eurokoa B txandan.

Izena eman ahal izateko, nahitaezkoa da herritarrentzako Ametx Txartela zein Ume txartela aktibatuta izatea. Izen-ematea banaka edo batera egin ahal izango da, eta gehienez ere hiru adingabe talde bakoitzeko.

Programa Larrea ikastetxeko instalazioetan eta udaleko kirol eta kultura instalazioetan garatuko da, aurreikusitako jardueren arabera. Ekainean, familia parte-hartzaileei zuzendutako informazio-bilera egingo da, jardueren programa zehatza, txangoak eta antolaketa-gai garrantzitsuenak azaltzeko.

Amorebieta-Etxanoko Udalekuen kartela. A. U.

GaueroUDAN 2026

Bestalde, GaueroUDAN 2026 programa 2010 eta 2013 artean jaiotako gazteei zuzenduta dago (13 eta 16 urte bitartekoak), eta bi txanda independentetan antolatuko da: ekainaren 22tik 26ra eta ekainaren 29tik uztailaren 3ra. Ordutegi orokorra 09:00etatik 14:00etara izango da, baina programatutako jarduera eta txangoen arabera alda daiteke.

Prezioa 65,25 eurokoa da asteko, eta hobariak aurreikusten dira familiaren diru-sarreren eta bigarren edo hirugarren anai-arrebaren parte-hartzearen arabera.

Izena emateko, beharrezkoa izango da Ametx Txartela aktibatuta izatea zein Gaztetxoko txartel edo Gazte karneta. Programa honetan ere, izen-ematea banaka edo taldeka egin ahal izango da, talde bakoitzeko gehienez hiru pertsonarekin.

GaueroUDAN udalerrian bertan egingo da, udaleko kirol eta kultura instalazioetan ez ezik, programaren barruan aurreikusitako irteeretan eta abentura jardueretan ere.

Izen-emateko epea martxoaren 24tik apirilaren 27ra egongo da zabalik. Eskaerak aurrez aurre egin ahal izango dira Gazte Informazio Bulegoan edo udalaren webgunearen bidez. Plazak mugatuak dira eta eskariak eskaintza gainditzen badu, erroldatutako pertsonei lehentasuna aplikatu ondoren, zozketa bidez esleituko dira apirilaren 29an. Behin plaza esleituta, ez da berariazko baieztapenik egingo, ordainagiria zuzenean zordunduko baita emandako kontu korrontean. Era berean, berariazko laguntza behar duten premia bereziak dituzten haur eta gazteentzako plazak gordeko dira, parte-hartzea berdintasunean bermatzeko.