Bizkaiko Foru Aldundiak lurraldeko gizarte-erakundeekin garatzen duen lankidetza indartzen jarraitzen du autonomia pertsonala eta gizarteratzea sustatzeko. Ildo horretan kokatzen dira Gobernu Kontseiluak Argia Fundazioarekin eta Bilbao Formarterekin bizitza independentea eta gaitasun pertsonalen garapena bultzatzera bideratutako zerbitzuak sustatzeko berretsitako bi akordio berriak.
Lehenengo akordioa
Argia Fundazioarekin, buruko gaixotasuna duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko ekimenak garatzen dituen erakundearekin, sinatutako hitzarmenak bizitza independenteari laguntzeko Zabalduz zerbitzua ematea ahalbidetuko du. Programa hau, bakarrik, bikotekidearekin edo gaixotasun mentala duten beste pertsona batzuekin etxebizitza partekatuz, dagoeneko modu autonomoan bizi diren edo bizi nahi duten pertsonei zuzenduta dago. Horretarako laguntza-sistema malgua eta bakoitzaren beharretara egokitua eskaintzen du, ingurune hurbilarekin eta beste laguntza-eragile batzuekin koordinatuta, hala nola senideekin edo profesional espezializatuekin.
Esku-hartzeak gizarte- eta hezkuntza-izaera du eta programan parte hartzen dutenen baliabide pertsonalak eta laguntza-sare naturala indartzea du helburu, euren komunitate-ingurunean autonomia- eta ongizate-maila handiagoekin mantendu ahal izateko. Osasun mentalean esperientzia duten profesionalek emango dute zerbitzua, erabiltzaileen etxean edo gizarte-ingurunean. Aldundiak 125.100 euro bideratuko ditu (61.800 euro 2026an eta 63.300 euro 2027an) baliabide hau garatzeko.
Bigarren akordioa
Onartutako bigarren akordioa Bilbao Formarterekin egindako hitzarmenari dagokio, erakunde honek Bilbon kudeatzen duen zentroan autonomia pertsonala sustatzeko zerbitzuak emateko. Bilbao Formarte 2008tik ari da lanean desgaitasun psikikoa eta/edo intelektuala duten pertsonei laguntzen, hainbat prestakuntza-jarduera eta -prozesuren bidez euren sormen-potentziala gara dezaten eta euren trebetasun pertsonalak indartu ditzaten. Aldundiak 194.480 euroko ekarpena egin du, eta, horri esker, baliabide horretan 12 plaza eskaini ahal izango dira, esku-hartzen duten pertsonek parte hartzeko eta garapen pertsonalerako aukera gehiago izan ditzaten.
Akordio hauen bidez Bizkaiko Foru Aldundiak berretsi egiten du lurraldeko gizarte-ehunarekin batera lan egiteko konpromisoa, bai eta laguntza-premia handienak dituzten pertsonen autonomia pertsonala, gizarte-inklusioa eta bizi-kalitatea hobetzea bultzatuko duten ekimenak sustatzekoa ere. Proiektu berri huek, bat egiten dute Fekoor, Avifes, Apnabi eta Down Sindromea Fundazioarekin indarrean dauden konpromisoekin.