Síguenos en redes sociales:

Sestaok edateko uraren hornidura sarea berrituko du Las Llanas zumartegian

Udalak otsailean hasiko ditu obrak hodi berri bat instalatzeko. Helburua da 5-11 atarietako zerbitzua modernizatu eta hobetzea

Sestaok edateko uraren hornidura sarea berrituko du Las Llanas zumartegianS. U.

Sestaoko Udalak 190.000 euroko aurrekontua bideratuko du Las Llanas zumartegian edateko uraren hornidura sarea berritzeko, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoarekin elkarlanean. Ildo horretatik, zerbitzuaren kalitatea hobetu eta herritarrentzako hornidura segurua eta eraginkorra bermatu nahi dira.

El Carmen auzunean azken urte hauetan gauzatu diren jarduketen ondoren, Las Llanas zumartegiko 5. zenbakitik 11. zenbakira bitarteko ataletan esku hartuko da laster. Gutxi gorabehera 90 metroko luzeran jardungo da, zuntz-zementuzko oraingo hodia kentzeko.

Material hori duela 40 urte baino gehiago instalatu zen, eta urritasun garrantzitsuak ditu, luzaroan erabili baita. Hala, azken urteetan behin eta berriz errepikatu dira matxurak, presioa galdu da, emaririk eza antzeman da, eta hornidura moztu behar izan da konpontzeko. Hori dela eta, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak ez du gomendatzen erabiltzea.

Jarduketa honi esker, hodi berria instalatuko da, burdinurtu nodularrekoa eta goi-dentsitateko polietilenokoa, ur-hornidura egokia bermatzeko Las Llanas zumartegiko 5., 7., 9. eta 11. atarietan. Hodi berria galtzadan ipiniko da, egun zerbitzua ematen duen hodiarekiko paralelo.

Lanak otsailean hasiko dira, eta gutxi gorabehera hiru hilabetez luzatuko dira. Construcciones Intxausti enpresak gauzatuko ditu, eta 191.948,74 euro inbertituko dira. Obren eta Eraikin eta Espazio Publikoen Mantentze-lanen zinegotzi den Alfonso Tapiak azaldu du “obra honekin aurrerapausoa ematen jarraitzen dugula oinarrizko sarea modernizatzeko udalerrian. Hala, helburua da arazoak ematen dituzten hodi zaharkituak ordeztea eta seguruagoak eta eraginkorragoak jartzea”. Era berean, azpimarratu du “xedea dela gorabeherak minimizatzea horniduran eta kalitatezko zerbitzua ematea herritarrei, oraingo beharrak aintzat hartuta”.

Halaber, Tapiak bi erakundeen arteko lankidetza nabarmendu du. Izan ere, “Sestaoko Udalaren eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren arteko baterako lanari esker, plangintza bati jarraikiz jarduten da eraginkortasunez premia handiena duten sareko puntuetan”.

Esku-hartze hau dela bide, Sestaoko Udalak eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak urrats berria egin dute herritarrentzat funtsezkoa den zerbitzua bermatzearen aldeko konpromisoan, eta, aldi berean, aurrera egin da udalerriko azpiegituren eraldatze- eta hobekuntza-prozesuan.