Ikasleen garapen integrala eta ongizatea bermatzeko ikastetxeen espazio pedagogikoak modernizatzea da Durangoko Udalaren helburu nagusia Landako eta Zabalarra eskoletan egingo dituen lanekin. Horretarako, lankidetza-hitzarmen bat sinatu egin du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailarekin. Lan horiek Uddaleraiki 2025 programaren barruan kokatzen dira.

Udalak bi proiektu aurkeztea onartu du:

  • Landako Eskolan, 2 urteko haurren gelak egokituko dira, eta horretarako 47.973,38 euroko inbertsioa egingo da (BEZa barne).
  • Zabalarran, 3 urteko gela eta dagokion komuna egokituko dira, 48.157,89 euroko aurrekontuarekin (BEZa barne).

Bi esku-hartze horiek batuta, inbertsio osoa 96.131,27 eurokoa izango da. Hitzarmena sinatu da, espazio horiek hezkuntza-eredu pedagogiko berrietara egokitzea beharrezkoa baita, ikasleei ingurune seguruak, irisgarriak eta egokiak eskaintzeko asmoz.

Akordioaren arabera, Durangoko Udalak bere gain hartuko ditu lanen tramitazioa, lizitazioa eta zuzendaritza teknikoa, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ekarpen ekonomikoa egingo du, kostu osoaren % 60ra arte, gehienez 57.678,76 euroko zenbatekoarekin, bere aurrekontuaren kargura.

Hitzarmenak gehienez bi urteko indarraldia izango du, eta egoerak hala eskatzen badu, beste urtebetez luzatu ahal izango da.

Urrats honekin, Durangoko Udalak beste behin ere haurtzaroaren ongizatea eta hezkuntza publiko moderno, inklusibo eta kalitatezko baten aldeko apustua berresten du, kudeaketa eraginkorraren eta erakundeen arteko lankidetzaren bidez.