Babes zibilaren prebentziorako, larrialdiei aurre egiteko eta kudeaketarako esparru legala, teknikoa eta operatiboa ezartzen dituen Babes Zibileko Udal Plana onartu berri du Abadiñoko Udalak, azken urteotan eguneratu gabe egon ostean. Udalbatzak aho batez onartu egin du.
Europako, Estatuko, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Bizkaiko Lurralde Historikoko araudira egokituta dago. Datozen hilabeteetan, herritarrentzako eta bolondresentzako formakuntza saioak eskainiko ditu Udalak.
Plan hau Zuzentzailea da, eta Euskadiko Babes Zibileko Planaren jarraibideei jarraitzen die. Udalerri barruko larrialdietan esku hartzeko prozedurak eta antolaketa egitura eratzea da helburua, eta, boluntarioen bidez, laguntza berehala emateko tokiko taldeak antolatzea. Gainera, herritarren arteko autobabesa sustatzen du, udalerriko arriskuak eta elementu kalteberak identifikatzen eta aztertzen ditu, hautemandako arriskuak murrizteko prebentzio-neurriak definitzen ditu, arriskuei eta babes-neurriei buruzko informazioa eta kontzientzia ematen dizkie herritarrei, eta koordinazio sistemak ezartzen ditu Euskadiko Babes Zibileko Lurralde Planarekin eta goi-mailako planak zuzentzeko eta koordinatzeko zentroekin.
Ikuspegi praktiko batekin diseinatu da Plana, prebentzioaren eguneroko kudeaketara eta larrialdien aurreko erantzun operatibora bideratuta. Horretarako, Udaleko arlo guztiek era koordinatuan lan egingo dute.
Planak eranskin bat du amaieran, eta, bertan, hainbat larrialdi-motatarako jarduera-plan espezifikoak jasotzen dira: hiriko eta basoko suteak, uholdeak, industria-jarduera arriskutsuak, salgai arriskutsuen garraioan edo garraio publikoan izandako istripuak, lur-irristatzeak, ekitaldi handiak, ikuskizunak eta jolas-jarduerak, bai eta muturreko meteorologia-egoerak ere, hala nola haize bortitzak, bero-boladak, izozteak edo elurteak, eta desagertutako pertsonak bilatzea. Eranskin horietako bakoitzak jarduera protokolo zehatzak ditu, udalerriaren errealitatera egokituta daudenak, edozein larrialdiren aurrean erantzun azkarra eta eraginkorra bermatzeko.
“Plan hau giltzarria da bizilagun guztien segurtasuna eta ongizatea bermatzeko. Plan honekin larrialdiei aurre egiteko eta horiei erantzuteko gaitasuna indartzen dugu, herritarrekin modu koordinatuan eta hurbilean lan eginez”, adierazi du udal gobernu taldeak.