Garraio publikoa indartuko da, Durangoko Azoka dela eta
Euskotrenek, Bizkaibusek eta Iurretatik abiatuko den doako anezka-zerbitzuak mugikortasuna hobetuko dute azokaren egunetan
Urtero bezala, milaka eta milaka pertsona hurbilduko dira datorren ostiraletik astelehenera bitartean ospatuko den Durangoko Azokara. Hori dela eta, abenduaren 5etik 8ra garraio publikoa indartuko da, euskarazko literatura, musika eta sorkuntza ardatz izango dituen jai honetaz gozatzeko.
Jardunaldi eroso, seguru eta ingurumenarekiko arduratsua bermatzeko helburuarekin, Durangoko Udaleko Mugikortasun Arloak garraio publikoa erabiltzea gomendatzen du egun horietan.
Tren zerbitzu bereziak Euskotrenek tren zerbitzua indartuko du
Azokaren egun guztietan, Euskotrenek tren zerbitzuak indartuko ditu. Bereziki Amorebieta-Etxano eta Zaldibar arteko linean handituko dira maiztasunak, bisitariek inguruko udalerrietan aparkatu eta trenez Durangoko erdigunera iristeko aukera izan dezaten.
Gainera, abenduaren 5ean, ostirala, zein 7an, igandea, goizez, larunbaterako aurreikusitako tren zerbitzu bera eskainiko da, bi orduko maiztasunarekin. Abenduaren 8an, astelehena, aldiz, ez da tren zerbitzu berezirik egongo.
Autobus zerbitzu bereziak Bizkaibusek
Errepide bidezko garraioari dagokionez, Bizkaibusek Elorrio eta Durango arteko linea indartuko du. Azokaren egunetan oso erabilia izaten den lotura hau erosoagoa eta eraginkorragoa izan dadin egokituko da.
Disuasio-aparkalekuak eta doako anezka zerbitzua Iurretatik
Durangoko hainbat gunetan aparkalekuak jarriko dira erabilgarri, besteak bes, San Roke, tren geltokia, Tadu, Tabira eta Alcampo inguruan. Hala ere, ibilgailu pribatuaren erabilera murriztea gomendatzen da, auto-ilarak saihesteko eta mugikortasun arinagoa bermatzeko.
Inguruko udalerrietatik datozenek disuasio-aparkalekuetan aparkatzeko aukera izango dute. Aparkaleku horien kokapena honako esteka honetan kontsulta daiteke: Aparkalekuen mapa.
Osagarri modura, doako autobuseko anezka zerbitzua eskainiko da Iurretatik azoka-barrutira honako ordutegian:
- Abenduaren 6an eta 7an: 10:00etatik 20:00etara
- Abenduaren 8an: 10:00etatik 18:00etara
Durangoko Udala eta Durangoko Azokaren antolatzaileek aldez aurretik eskertu nahi diete azokara bertaratuko diren guztiei, mugikortasun jasangarriago, irisgarriago eta ingurumenarekiko errespetuzkoago baten alde erakutsitako konpromisoagatik.