Getxok 'Ondoan' udal zerbitzuaren ordutegia luzatuko du
Zerbitzuak adin eta profil desberdinetako 28 kasu artatu ditu (18 gizon eta 10 emakume), erdiak adingabeak
Urtebete pasa da Getxoko Udalak adikzioei buruzko informazio eta aholkularitzako Ondoan udal zerbitzua martxan jarri zuenetik. Bada, orain, lehen urteko arreta eskaeraren datuak ikusita, zerbitzuaren arreta ordutegia zabaltzea erabaki egin du Udalak.
Zerbitzua 2024ko urrian jarri zen abian, substantziarekin edo substantziarik gabeko adikzioei edo arrisku-jokabideei buruzko esperientziak kontsultatu nahi dituzten gazteentzat, seme-alaben portaerei buruzko orientazioa nahi edo behar duten familientzat; eta drogen kontsumoarekin, jokoarekin, Interneten erabilerarekin eta mugikorrekin lotutako arazoak dituzten helduentzat.
Aipatutako epean, Zerbitzuak adin eta profil desberdinetako 28 kasu artatu ditu (18 gizon eta 10 emakume), erdiak adingabeak. Adinez nagusi direnen artean, 9 kasu substantziadun mendekotasunei lotuta egon dira, eta 5, substantziarik gabekoei. Substantziadun jokabide arriskutsuak batez ere alkoholarekin eta cannabisarekin lotuta egon dira, eta substantziarik gabekoak mugikorraren erabilerarekin, bideojokoekin, teknologiekin, ludopatiarekin eta multiadikzioarekin.
Eskaera gehienak familiaren ekimenez eta ekimen pertsonalagatik heldu dira eta guztira 78 saio egin dituzte, gehienak aurrez aurrekoak, eta gainontzekoak telefonoz, WhatsAppez eta emailez. Kasu bakoitzeko esku-hartzeen batez bestekoa hiru saioen ingurukoa izan bada ere, kasu batzuetan ez ziren nahikoa izan, eta zazpi izatera heldu zen, besteak beste, ohitura- eta akordio-aldaketak lantzeko beharragatik. ”Kontsulta bakoitzaren atzean familia kezkatu bat dago, orientazio bila dabilen gazte bat edo une zail bat igarotzen ari den pertsona heldu bat. Ondoan funtsezko laguntza izaten ari da horientzat guztientzat. Ordutegia zabaltzea beharrezko baliabide bat indartzea da, eta herritarrei erantzun erabilgarriak ematen jarraitu ahal izatea bermatzea”, nabarmendu du Carmen Díaz Gizarte Kohesioko zinegotziak.
Hemendik aurrera Ondoan Zerbitzuaren ordutegia astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara eta asteazkenetan ere 14:00etatik 17:00etara izango da, WhatsApp eta telefono bidez 688 72 73 46 zenbakian edo Urgull kaleko z/g-ko udal eraikineko bigarren solairuan.