Gabonetarako bi hilabete falta direnean, Getxoko Udalak apaingarriak jartzeko aldez aurretik egin beharreko lanak hasiko ditu igande honetan, urriaren 26an.

Argien egitura muntatzeko lehenengo metalezko zutabeak Areetako Eduardo Coste, Nagusia eta Las Mercedes kaleetan, Artatzako biribilgunean, eta Algortako Amezti, Euskal Herria eta Basagoiti kaleetan eta Venancioseko bidegurutzean jarriko dira.

Azaroaren 3ko astean, fatxaden arteko lokarriak, kableak eta linea elektrikoak instalatuko dira. Eta azaroaren 10etik 27ra bitartean, girlandak zuhaitzetan muntatuko dira, eta Gabonetako motiboak farola, pergola, arku, fatxada eta izeien gainean jarriko dira. Urtarrilaren 7an desmuntatze lanak hasiko dira.

Lan horiek trafikoari eragingo diote kasu batzuetan, eta eragin horiek behar bezala seinaleztatuko dira.

Duela zenbait urtetik hona, Udalak bere gain hartzen du argiztapen horren kudeaketa osoa (284.913 euro, BEZa barne), eta, eskura dauden baliabideen arabera, komunitatearen erabilerarako udal espazioak hobetzen ditu, hala nola udalerrirako sarrerak, plazak, parkeak, udal eraikinetako fatxadak, kiroldegiak, bai eta udalerriko auzoetan jarduera ekonomiko gehien biltzen duten ardatz eta erdiguneak ere, helburu argi batekin: instalazio homogeneoa, ordenatua, segurua eta indarrean dagoen araudiarekin bat datorrena egitea.

Aurreko urteetako emanaldiez gain, aurten zuhaitzen girlandak eta motiboak muntatuko dira farola eta pergoletan, Romoko Kresaltzu eta Santa Eugenia kaleetan, eta Algortako Ollarretxe, Salsidu, Kasune, Villaondoeta, Areneazpi eta Iparbide kaleetan.

Iaz bezala, eta energia aurrezteko ezarritako jarraibideei jarraituz, argiztapenaren denbora murriztuko da, hau da, pizteko ordutegi osoaren %25. Ordutegia, beraz, honako hau izango da: igandetik asteazkenera 18:00etatik 23:00etara; ostegunetik larunbatera 18:00etatik 24:00etara eta urtarrilaren 24an, 31n eta 5ean 18:00etatik 02:00etara.