Aurreko edizioek izandako arrakasta kontuan izanda, Getxoko Udalak indarrak batu ditu berriro Mujeres con Voz elkartearekin Emakume migratuen topaketa programa antolatzeko, emakume migratuei harrera- eta ikaskuntza-gune indibidual eta kolektibo bat eskaintzeko helburuarekin.
Saioetan emakume partehartzaileek batzen dutenari, zailtasunei, herriminei, eta helmugetako pozei eta ametsei buruz hausnartuko dute. Horretarako, migrazioek dakartzaten erronkak pertsonalki eta profesionalki bizi izan dituzten bideratzaileak izango dira saioetan.
Mihaela Jilavu Kulturartekotasun zinegotziak nabarmendu duenez, "funtsezkoa da horrelako espazioak edukitzea, emakume migratuek topo egin, beren esperientziak partekatu eta laguntza-sareak elkarrekin eraiki ahal izateko. Kultura-aniztasuna gure udalerriaren aberastasun handienetako bat da, eta topaketa horiek gizarte-kohesioa sendotzeko eta bizikidetza inklusiboago eta errespetuzkoago baterantz aurrera egiteko aukera ematen digute ".
Tailerrak larunbat soltetan izango dira, urriaren 11tik aurrera, 17:30etik 20:30era, oraingo ikasturtean Gurari, Emakumeen Etxean (Telletxe eta Benturillena kaleen artean). Saioak doakoak izango dira eta haurtzaindegi zerbitzua izango da, aurretik eskatuz gero. Irailaren 27an ikasturtearen egitaraua ezagutzera emateko saioa izango da.
Irailaren 22ra arte zabalik dagoen saioetarako izenematea 944 660 138 telefono zenbakiaren eta Getxoko Udalaren webgunearen bitartez, Gurarin edo HABetan (944 66 00 00 aurretiko hitzorduarekin) egin dezakete interesatuek.
Zurrumurrurik ez Gazte Topaketa
Bestalde, Zurrumurrurik Ez taldeko lau gazte getxotarrek parte hartuko dute irailaren 18tik 21era Zurrumurrurik Ez Gazte Topaketaren VIII edizioan. Oraingoan Tenerifeko Granadilla de Abonan izango da, estatuko hamar hiritako 14 eta 21 urte arteko gazteen partaidetzarekin. Helburua esperientziak trukatzea, eta oinarrizko gaiak eta aniztasun kulturalaren balioa aberastasun sozialaren iturri gisa nabarmentzea da, gazteen eskutik.