Síguenos en redes sociales:

243 kirolarik hartuko dute parte Sestaoko triatloian

Gizonezkoen lehiaketa 11:00etan hasiko da eta bost minutu beranduago emakumezkoen probari emango zaio hasiera

243 kirolari (186 gizonezkoak eta 57 emakumezkoak) izango dira Sestaon datorren igandean, irailaren 14an, bertan ospatuko den triatloia dela eta. Lehiaketa Sestao Triatloi Taldeak eta Euskadiko Triatloi Federazioak antolatzen dute, Sestao Kirolak erakundearen lankidetzarekin, eta dagoeneko itxi egin da izen-emateen kontrola.

Hamaikagarren edizio honetan Alemania, Gaztela eta Leon, Madrilgo Erkidegoa, Aragoi, Nafarroa, Errioxa, Kantabria eta Euskadiko triatletak hurbilduko dira Sestaora.

Ekitaldiak 10:00etan hasiko dira Bizkaiko triatloi eskolen erakustaldi batekin. 11:00etan emango zaio hasiera gizonezkoen probari. Bost minutu beranduago, 11:05ean, emakumezkoen txanda iritsiko da. Amaitzeko, 11:15ean kadete mailako triatletentzako lehiaketa hasiko da.

Triatloiaren lehen zatian 750 metroko distantzia igeri egingo da La Benedicta dartsenan. Bigarren sektorea bizikleta zatia da eta Txabarri, Rivas, José Maisua, Harrobiak eta Ballontiko Ardatza kaleetatik 21 kilometroko ibilbidea egiten du. Zailtasun handiena Ballonti Merkataritza Zentrora igotzea da. Triatloia amaitzeko, parte hartzaileek 5 kilometroko tartea egin beharko dute korrika itsasadarreko pasealekutik Rialia museoraino, eta La Benedicta kiroldegira itzuli, Txabarri kaletik jarraitzeko. Helmuga La Benedicta kiroldegian egongo da. Sari banaketa 13:15ean hasiko da.

70 boluntariok baino gehiagok osatutako taldeak eta horiekin batera Ertzaintzak, Udaltzaingoak, Babes Zibilak, Gurutze Gorriak eta epaile ofizialek ​osatutako dispositiboak zainduko du triatloia behar bezala garatzea.