Aurtengo ekainaren 19tik 27ra bitartean, Gizaker enpresak Getxon bizi diren 900 pertsona elkarrizketatu ditu telefonoz udalerriko bizitzarekin lotutako hainbat alderdiri buruz dituzten beharrak, eskaerak eta asebetetze-maila ezagutzeko helburu nagusiarekin. Getxoko Udalak enkargatu du inkesta.

Ikerketa soziologiko horren datu garrantzitsuenei dagokienez, honako hauek nabarmentzen dira:

Getxoko udalerriaren irudia

Bizitzeko leku gisa Getxok duen gogobetetasun-maila orokorra 10etik 7,59koa da. Herritarrek identifikatutako arazo nagusien artean, segurtasuna (% 26,1), etxebizitza (% 22,2), garbiketa (% 9,7), aparkalekua (% 7,6) eta berdeguneak eta lorategiak (% 7,6) daude, eta gai horiek lehentasunezkotzat jotzen dira datozen bi urteetarako.

Udal-kudeaketa

Udalaren kudeaketak 10etik 5,71ko batez besteko balorazioa lortu du. Alderdi zehatzei dagokienez, kaleen garbiketak eta zabor-bilketak 6,96ko nota jaso du, eta parkeen, lorategien eta hiri-altzarien mantentzeak, berriz, 6,25ekoa.

Etxebizitza eta HAPO

Etxebizitzaren arloan, alokairuko etxebizitza babestuaren udal jarduketari dagokionez, Udalak 4,52 puntu lortu ditu, eta Hiri Antolamenduko Plan Orokor (HAPO) berriari dagokionez, 4,35.

Inkestatutako pertsonen % 72,3ri nahiko edo asko gustatuko litzaieke beren kontura bizitzea, baina % 88,6k adierazi du oztopo nagusia alokairu eta erosketa prezio altuak direla.

Herritarren segurtasuna

Beren eremuaren edo auzoaren balorazioa 10etik 6,42koa da, eta Getxok beste herri batzuekiko duen segurtasun-pertzepzioari dagokionez, % 43,6k uste du berdina dela, % 29,9k seguruagoa eta % 12,7k ez dela hain segurua. Udaltzaingoaren jardunak 6,39 puntu lortu ditu trafikoaren ordenamenduan eta atestatuetan, eta 6,17 herritarren segurtasunean.

Mugikortasuna eta ingurumena

Trafikoaren eta mugikortasunaren egoerak 10etik 6,15ko balorazioa jaso du. Etxe bakoitzeko batez besteko auto kopurua 1,40 da, eta % 61,2k garaje propioa du. Halaber, Getxon kaleak oinezkoentzat egokitzeko eta espaloiak zabaltzeko egin diren eta egiten ari diren obren balorazioa 6,12koa da.

Alderdi politikoak

Alderdi politikoek Udalean duten jardunaren balorazioa honako hau da:

  • EAJ-PNV (5,12)
  • EH Bildu (5,09)
  • PSE-EE (4,21)
  • Elkarrekin Podemos (3,98)
  • PP (2,87)

Getxon laster Udal Hauteskundeak egingo balira, botoen portzentajeari eta zinegotzi kopuruari dagokienez, emaitza honako hau izango litzateke:

  • EAJ-PNV: % 31,1 / 9 zinegotzi (gaur egun: 9)
  • PSE-EE: % 9,7 / 3 zinegotzi (gaur egun: 3)
  • EH Bildu: % 23,5 / 7 zinegotzi (gaur egun: 6)
  • PP: % 21,9 / 6 zinegotzi (gaur egun: 6)
  • Elkarrekin Podemos: % 4,7 / 0 zinegotzi (gaur egun: 1)

Gobernu taldeak azpimarratu duenez, “horrelako inkestek aukera ematen digute herritarrei zuzenean entzuteko, haien lehentasunak ezagutzeko eta gure politikak bideratzeko, haien beharrei erantzun hurbilagoak eta eraginkorragoak emateko”.