'A Costa dos Lançados' erakusketa Romo kultur etxera heldu da
kusketaren ordutegia astelehenetik ostiralera 08:30etik 21:30era izango da, eta asteburuetan eta jaiegunetan 11:30etik 20:30era
Romo kultur etxea Unai Aranzadi dokumentalista, erreportari eta argazkilari getxotarraren erakusketa berriaren egoitza izango da joan den astelehenetik abuztuaren 30era bitartean. Getxoko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak UN Etxea elkartearekin batera antolatutako erakusketa honek 40 argazki biltzen ditu. Horrez gain, izen bereko dokumentala (2023ko urtarrilean Muxikebarrin aurkeztu eta Mexikoko Veracruzeko X. Zinema Jaialdian saritu zutena), mapak, artxibo historikoak eta testu ugari daude.
Erakusketaren ordutegia astelehenetik ostiralera 08:30etik 21:30era izango da, eta asteburuetan eta jaiegunetan 11:30etik 20:30era.
“Gizarte Kohesioaren Arlotik irmoki babesten ditugu honelako espazioak, memoria historikoari, migrazio-prozesuei eta horien egiturazko kausei buruz hausnartzera gonbidatzen gaituztenak. Unai Aranzadiren lanak gizarte gisa interpelatzen gaitu, iraganaren eta orainaren arteko loturak erakustean, eta gaur egun desparekotasunak, kolonialismoak eta bizitza duinaren itxaropenak markatutako ibilbideak egiten jarraitzen dutenei aurpegia jartzean”, azaldu du Carmen Díaz Gizarte Kohesioko zinegotziak.
Erakusketa, dokumentala bezala, bi hilabetetan Senegal, Gambia eta Guinea-Bissauko 2.000 kilometroko bidaia baten emaitza da. Iberiar penintsulatik kanporatuak izan ondoren, Afrika beltzaren lehenengo esplorazioak egiteko Kanariak eta Cabo Verde base gisa erabili zituzten judu konbertituen historia ezezaguna kontatzen du lanak. Irudien eta testuen bidez, egileak gertakari historiko hori Kanarietako egungo migrazio-ibilbidearekin lotzen du, “pertsona etsituak ur horietan barrena gaur egun aspaldi bezala aurkitzeak dakarren paradoxarekin, oraingoan kontrako norabidean", nabarmendu du getxotarrak. Migrazio-fenomenoari zuzenean lotutako beste faktore batzuk ere agerian uzten ditu erakusketak, hala nola kolonialismoa, kontsumo-gizartea eta iraganaren eta orainaren esklabotza.