Labezomorroen populazioa kontrolatzeko neurriak hartu ditu Sestaok
Zerbitzuen arloak hiru jarduera berezi programatu ditu uztaila eta iraila bitartean intsektu horren presentzia handiena detektatu den eremuetan
Azken asteetan labezomorroen presentzia nabarmenagoa egin da Sestaon, eta horri aurre egiteko talka-plan bat prestatu egin du Udalak, intsektu horren populazioa kontrolatzeko indartze-programa bat alegia, uztaila eta iraila bitartean egingo dena. Ekimen hori udalerrian intsektuak hiltzeko lanak egin ohi dituen enpresarekin lankidetzan egingo da.
Neguan erregistratu diren tenperatura leunek labezomorroen jarduera ohikoa baino maila altuagoan mantendu zuten. Horri esker, udako denboraldian espezie horretako intsektuen presentzia handiagoa izan da, ohituta geundena baino. Beroarekin eta hezetasunarekin labezomorroak ezkutalekuetatik ateratzen dira, eta errazago ikusi ohi dira bide publikoan, bereziki janaria erraz eskura dezaketen lekuetan, hala nola parkeetan, plazetan eta edukiontzi eta paperontzietatik gertu dauden puntuetan.
Jarduketa egiteko, gelak eta beita intsektizidak erabiliko dira. Labezomorroen populazioa kontrolatzeko produktu horiek udalerri osoan aplikatuko dira, baina eragin handiagoa izango dute honako eremu hauetan: El Carmen Auzunea, Albiz auzoa, Markonzaga auzoa, San Pedro plaza, Txabarri kalea eta Hiru Kontzejuen plaza, Portopín parkea, Amador Palma parkea, Los Baños kalea eta El Sol parkea.
"Guztira intsektuak hiltzeko hiru kanpaina berezi egitea aurreikusi da uztaila eta iraila bitartea", azaldu du Rosa del Palacio Zerbitzu zinegotziak. "Horrela, arrisku handieneko aldia estaliko da, intsektuen kontrol egokia mantenduz", gaineratu du zinegotziak.
Udalak espero du talka-plan honek emaitza onak izatea, iaz gertatu zen bezala, eta labezomorroen presentzia nabarmen murriztea bide publikoan.