Eusko Jaurlaritzak bultzatutako 'Elikagai-xahuketarik ez Euskadin' kanpainarekin bat egin ondoren, Getxoko Udalak martxan jarriko du 'Getxon janari xahuketari STOP' ekimena, elikagai xahuketaren arazoaz kontzientziatzeko helburuarekin. Kanpaina ostegun honetan abiaraziko da, uztailaren 3an, eta herritarrek eta ostalaritzako establezimenduek protagonismo osoa hartuko dute.
Elikagaien xahuketa arazo global bat da, non elikagaiak, pertsonentzat seguruak eta elikagarriak izan arren, baztertu egiten diren eta ez diren kontsumitzen. FAOren arabera, urtero munduan ekoizten diren elikagaien heren bat galdu edo xahutu egiten dira. Euskadin, Elika Fundazioak aurrera eramandako azken diagnostikoaren arabera, elikadura horniduraren kate osoa kontuan hartuta, kalkulatzen da urtean 111 kg elikagai alferrik galtzen direla pertsonako.
Datu horiek guztiek erakusten dute kate osoko elikagaien kudeaketan arazo orokor bat dagoela, eta “Getxon janari xahuketari STOP” kanpainak arazo horren zati bat bertan jorratu nahi du.
Kanpaina honen esparruan egingo den lehen urratsa Getxoko ostalaritza-establezimenduetara bisitak egitea izango da. Lehenengo hurbilketa batean, udalerriko jatetxeak, erretegiak, pizzeriak eta abar bisitatuko dira, 82 guztira, eta gutun bat emango zaie kanpainaren zergatia azaltzeko eta parte hartzeko gonbidapena egiteko. Ostegunean bertan egingo da lehen bisita hori, eta, ondoren, telefonoz galdetuko da ea bat egiten duten bisitarekin, erantzuna berehalakoa izan ez bada.
Atxikitako establezimenduen zerrenda osatutakoan, bigarren bisita bat egingo da laguntza materialak emateko. “Azken batean, parte hartu nahi duten establezimendu guztiei elikagaien xahuketa murrizten lagunduko zaie, jardunbide egokien bidez, eta kit batzuk emango zaizkie bezeroek janari-hondarrak etxera eraman ditzaten sustatzeko. Funtsezkoa da guztion artean elikagaien xahuketari aurre egitea”, adierazi du Iñigo Urkitza Ingurumen zinegotziak.