Datorren ostegunean eta ostiralean, hau da, ekainaren 26an eta 27an, nazioarteko 100 startup eta inbertzaile inguru bilduko dira Bilbon B Acceleration Week ekimenaren bigarren edizioan parte hartzeko. Bertan, partehartzaileek enpresa-korporazioei, liderrei, inbertsio-funtsei edo ekosistema globaleko eragileei beren irtenbide teknologikoak aurkezteko aukera izango dute. Bizkaiko Ekintzailetzaren Nazioarteko Zentroa -BAT B Accelerator Tower izango da ekitaldi honen egoitza.
Topaketaren egitura berrikuntza irekiko hiru erronka handi hauen inguruan eratu da: energia garbia, industria jasangarria, eta enpresa-eremuari aplikatutako adimen artifiziala eta zibersegurtasuna. Finaleko enpresa emergenteek aukera izango dute 50 trakzio-korporazioren aurrean beren proposamenak erakusteko.
Bestalde, adituek eta tokiko eta nazioarteko inbertsoreek osatutako epaimahai batek aukeratuko du zer enpresa emergentek ordezkatuko duen Estatua Startup World Cupen munduko finalean, hau da, Pegasus Tech Venturesek Silicon Valleyn antolatutako Enpresa Emergenteen Munduko Kopako finalean (Kalifornia, Estatu Batuak).
Topaketako programazioan, hitzaldi inspiratzaileak, mahai-inguru sektorialak, eta harremanetarako guneak izango dira, itunak sustatzeko eta negozio-aukera berriak sortzeko. Gainera, BAT dorreko seigarren solairuan, Startup Village edo enpresa emergenteen herri bat egongo da, eta hor enpresa emergenteek beren proiektuak azalduko dituzte, eta inbertsore, mentore eta enpresa laguntzaileekin harremanetan jarri.
Topaketaren aurreko edizioan 500 parte-hartzaile baino gehiago bildu ziren, eta horrek bide eman zion enpresa emergenteen eta enpresa handien arteko 30 lankidetza-proiektu berri baino gehiago sortzeari. Ekitaldiak nazioarteko proiekzio argia du; izan ere, 20 herrialde baino gehiagotako enpresa emergenteek parte hartzen dute. Horri esker, Bizkaia talentura eta berrikuntzara irekitako lurralde gisa sendotu da.
BAT B Accelerator Tower dela eta
BAT B Accelerator Towerrek 2022an ireki zituen ateak, eta hiru urte baino gutxiago behar izan ditu Europako hegoaldeko berrikuntza-zentro logistiko nagusietako bat izateko. Bizkaiko Foru Aldundiak Bilboko Udalarekiko eta Eusko Jaurlaritzarekiko lankidetzan sustatuta eta PwC-k kudeatuta, BATek berrikuntza irekiko eredu baten hartzen du oinarri, enpresa emergenteak, korporazioak, unibertsitateak, I+G zentroak eta enpresa-klusterrak hartzen ditu barnean. Ekintzailetzaren eta teknologiaren bidez hazteko, nazioarte mailan konektatzeko eta ekonomia-sarea eraldatzeko gune bat da.