Bermeoko musika eskolak, Musikaren Olatuak izeneko kontzertu zikloa antolatu du datorren asterako, otsailaren 24tik 26ra. Bertan, instrumentua ikasten ari diren ikasle gazte zein helduek parte hartuko dute; guztira, 80 ikaslek. Errepertorioari dagokionez, kontzertuetan euskal musikarien melodiak entzungai izango dira, hala nola, Berri Txarrak, ETS, Zea Mays, Korrontzi, Ken Zazpi, J.M. Beltran, Mikel Laboa edota Xabier Lete.
Eta, baita ere, emakumeen lanak: Maixa eta Ixiar, Esti Markez, Katy Blaxwell... Horrez gain, ikasleetako batzuek sormenean landutako lanak ere aurkeztuko dituzte; lau kantu, hain zuzen ere. Bermeoko Udalak herritar guztiak gonbidatu ditu kontzertuetara, “herriko musikarien lanak ezagutzeko eta zuzeneko musikaz disfrutatzeko aukera egongo baita”.