Síguenos en redes sociales:

‘Kalian gora, marea behera’ aurkeztuko da gaur Ondarroan

Kirmen Uribe eta Ana Urkiza idazleek bi ibilbide prestatu dituzte euren herria ezagutarazteko

‘Kalian gora, marea behera’ aurkeztuko da gaur OndarroanONDARROAKO UDALA

Gaur arratsaldean aurkeztuko da, Ondarroako Udaleko Euskara Sailak sortutako Kalian gora, marea behera proiektuaren lehen fasea. Proiektu honen helburua, bertako idazleek osatutako ibilbide literarioen bidez herria ezagutzea da. Literatura eta turismoa uztartzen duen proiektu hau ikasturte honetan jarri da abian, eta hainbat fase izango ditu. Lehenengoa gaur aurkeztuko da Kirmen Uribe eta Ana Urkiza idazle ondarrutarren ibilbideekin.

Uribe, Bilbao-New York-Bilbao lanean oinarritu da ibilbidea prestatzeko eta Urkiza, ostera, Ondarroako Piratak liburuan. Biak izango dira gaur aurkezpen ekitaldian. Ibilbide literario horien bitartez herriko leku eta txokoak ezagutzeko aukera edukiko dute herritarrek zein bisitariek. Zero gunea deitutako lekuan egongo den panel nagusitik abiatuta, ibilbide literario honek bakoitzeko sei geldialdi izango ditu, eta horietako bakoitzean panel berezi bat egongo da txoko horri dagokion pasartea idazlearen beraren hitzetatik entzuteko. Panelak euskara hutsean egongo dira eta QR kode bidez, beste lau hizkuntzatan ere entzun ahalko dira pasarteak: gaztelera, ingelera, kataluniera eta galiziera.

Eta guzti horren berri emateko gaur, arratsaldeko 18:30etan aurkezpena izango da Kofradia Zaharreko bigarren solairuan. Ondarroa idazle handien topagune izan da, eta horiei guztiei lekua egin nahi zaie herria bere kontakizunetatik erakusteko proiektu honetan. Hori dela eta, hurrengo faseetan Leire Bilbao, Mikel Etxaburu, Txomin Agirre, Augustin Zubikaraim eta Jose Mari Etxaburu Kamiñazpi bezalako idazleek ere tokia izango dute proiektuan.

HITZ GUTXITAN

Ibilbidea. Panelez osatutako ibilbide literario honek bakoi- tzeko sei geldialdi izango ditu, eta horietako bakoitzean panel berezi bat egongo da idazlearen hitzetatik txoko horri dagokion pasartea entzuteko

Hitzordua. Aurkezpena gaur arratsaldeko 18:30etan izango da Kofradia Zaharreko bigarren solairuan Kirmen Uribe eta Ana Urkiza idazleekin