Dena prest dago urriaren 20tik 27ra bitartean Bermeoko Mareak jaialdiaren hamargarren edizioa ospatzeko. MB2000 elkarteak, Beleza Malandra Ateneo Kulturalak, Bermeoko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak abangoardia eta tradizioa uztartzen dituen jaialdi honen edizio berri bat aurkeztu zuten atzo Frantziskotarren klaustroan. Jaialdiaren egitarauak hamar ekitaldi kultural biltzen ditu, herriko hainbat agertokitan egingo direnak.
Bermeoko Udalaren alkateordea den Endika Etxebarria Telleriak , hamargarren urteurrenera iristearren garrantzia azpimarratu zuen, eta adierazi zuenez berarentzat ohorea da hamarkada bat ospatu ahal izatea, tradizioa eta abangoardia dauden gune paregabe gisa finkatzen jakin duen ekitaldian “eta hamargarren urteurren hau ez da bakarrik lortutako guztia gogoratzeko une bat, baizik eta aurrera begiratzeko ere bai. Eskerrak eman gura dizkiet bidai honetan parte hartu duten guztiei: antolatzaileei, artistei, babesleei eta, baita ere, urtero zuen babesa eta gogoa erakutsi duzuen publikoari. Zuek guztiak barik, Mareak ez litzateke gaur dena izango. Ziur nago edizio honek ere ospakizun berezia ekarriko digula, une ahaztezinak utziz“ aurreratu zuen atzoko aurkezpenean.
Bestalde, Ane Ortube, Mareak jaialdiaren antolatzailea ere pozik agertu zen urteurren honetara iristeaz eta jaialdiaren egitarauari buruz hitz egin zuen “esfortzuz eta ilusioz iritsi gara honaino, eta horri esker, aurten ere, hamar jarduera antolatu ditugu zortzi egunetan: hitzaldiak, proiekzioak, musika, irteerak eta ipuin kontalariak, besteak beste. Urtemuga honetan aurreko jaialdietan parte hartu duten artistak izango ditugu eta aurpegi berriak ere ikusiko ditugu. Jaialdiko emanaldi guztiak oso garrantzitsuak izango dira “.
Horrela, urriaren 20tik aurrera hainbat ekitaldi egongo dira Bermeon, Long Hours talde australiarrak Beleza Malandra Ateneo Kulturalean 13.30ean emango duen kontzertuarekin hasita. Eta hurrengo egunean, agertoki berean, Apika konpainiak Artimañas helduentzako ipuin kontalaria aurkeztuko du 19.30ean.
Programazioarekin jarraituz urriaren 22an, asteartean, Asier Romero Andonegik Bermeoko altxorrak, bitxikeriak, sekretuak eta mitoak izeneko hitzaldia emango du Arrantzaleen Museoan, 18.30ean, jarduera hau doakoa izango delarik. Horretaz gain, asteazkenean, urriak 23, Nestor Basterretxea aretoan Ben Whalleyk BBCrentzat zuzendu eta ekoitzi duen Krautrock: The Rebith Of Germany dokumentala proiektatuko da. sarrera doakoa izanik. Areto honetan bertan, biharamunean, Joseba Irazokik eta Xabier Badiolak elkarrekin joko dute oholtza gainean, eta sarrerak 8 euro balioko du.
Ostiralean, urriak 25, musikak protagonismo berezia izango du Cult Of Youth estatubatuarren, Thee Eliam donostiarren eta Silver Surfing Machine bilbotarren kontzertuekin, 20.30etik aurrera Beleza Malandra Ateneo Kulturalean. Kontzertu hauek ikusteko 10 euroko sarrera ordaindu beharko da.
Asteburura begira, urriak 26, zapatua, beteta dator Mareak jaialdia, hiru ekitaldirekin. Goizean, 09.30ean, Turismo Bulegotik irtenda, Nabarnizko Arrolako Kastrora bisita gidatua egingo da, bertan Juan Jose Cepedak emango ditu azalpenak. Bisitaren ostean hamaiketakoa egingo da, Bermeora bueltatzeko indarrak hartzeko. Bisita gidatuaren prezioa 2 eurokoa izango da. Eta egun berean, 18.30ean, Beleza Malandra Ateneo Kulturalean izango da, Temporada de brujas. El libro del rock gótico liburuaren idazlea Cathi Unswroth. Liburuan kontatzen diren istorioak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Solasaldia doan izango da. Eguna bukatzeko, 21.00etan, Mareak jaialdia Frantziskotarren klaustrora lekualdatuko da, Burgoseko Neonimus taldearen Después de nuestra era kontzerturako,sarrera 8 eurokoa izango da.
Aurtengo Mareak jaialdia bukatzeko, urriaren 27an. My Imaginary Loves eta Docks taldeen kontzertuak izango dira Beleza Malandra Atenea Kulturalean 13.30etik aurrera, sarrerak 5 eurokoak izanik.
Sarrera guztiak ekitaldi kultural bakoitzaren lekuan erosiko dira, edukiera bete arte.
HITZ GUTXITAN
Hamar urte. Mareak jaialdiaren hamargarren edizio honetan guztira hamar jarduera egongo dira urriaren 20tik 27ra bitartean Bermeoko agertoki desberdinetan
Jarduerak. Zortzi egunetan zehar ekitaldi ezberdinak izango dira: hitzaldiak, proiekzioak, musika, irteerak eta ipuin kontalariak, besteak beste.
Sarrerak. Sarrera guztiak ekitaldi kultural bakoitzaren lekuan erosiko dira edukiera bete arte, batzuk doakoak izango dira