Irailaren hasierarekin batera, martxan jarriko da 2014/2025 ikasturtea hainbat ikastaro eta tailerrekin. Ermuko Udalak ezagutzera eman duenez, Lobiano kulturguneko pintura eskolak irailaren 16an berrekingo dio jarduerari.

Martxoan, jarduera eten zenean, 114 pertsona zeuden izena emanda Eskolan, eta horiek lehentasuna izango dute zerbitzuan parte hartzen jarraitzeko orduan. Horrela, irailaren 2tik 12ra, biak barne, Ermuko Udaleko Kultura Sailari jakinarazi ahal izango diote pintura klaseekin jarraitzeko interesa dutela. Erantzuna baiezkoa bada, irailaren 16tik aurrera Eskolan jarraituko dute, aurrez eskatutako talde eta ordutegi berberetan.

Udal Kultura Saila harremanetan jarri da jada ikasle ohiekin posta elektroniko bidez, eta mezu horri erantzunez edo Lobiano Kultur Gunera bertaratuz adierazi ahal izango dute jarraitzeko asmoa. Irailaren 12tik aurrera erantzunik jaso ez bada, ulertuko da pertsona ez dagoela interesatuta eta plaza libre geratuko da.

Bestalde, norbaitek taldez aldatu nahi badu, izena emateko orria bete eta Kultura Sailak eskatutako plaza baieztatu arte itxaron beharko du. Baja eman nahi dutenek formalki izapidetu beharko dute Abiapunturen bitartez.

Irailaren 16ko astean irekiko da izena emateko epea ikasle berrientzat eta familiako arte tailerretarako. Pertsona hauek urrian hasiko dute ikastaroa.

Klaseen hasieran, haurrek mantal bat eramatea gomendatzen da, pinturaz zikin ez daitezen. Helduen kasuan, ikasturtean zehar garatu nahi duten proiektua argi badute, adibide gisa behar duten koadroa, argazkia edo materiala ekar dezakete. Bestela, eskolak ereduak eskainiko ditu aukeratu ahal izateko.