Harrera bikaina izan dute amaitutako ikasturte honetan Getxoko Udalak bultzatutako Adikzioak Prebenitzeko Zerbitzuak antolatutako tailer eta programek. Guztira, udalerriko 13 ikastetxetako 6.600 ikaslek hartu dute parte ekimen horietan.

Zehazki, 13 ikastetxetako Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako 186 gelatako 3.612 ikaslek eta 5 ikastetxetako DBHko eta Batxilergoko 136 gelatako 3.025ek gaitasun pertsonal positiboak eskuratzearekin (auto erregulazio emozionala, balioak...) eta substantzien, bideo jokoen eta teknologia digitalen erabilera desegokiaren aurrean arriskuak prebenitzearekin eta murriztearekin lotutako gaiak landu dituzte, ikastetxeetako irakasleen inplikazioarekin. 

Amaitutako ikasturteko berrikuntzetako bat izan da Lehen Hezkuntzako laugarren eta seigarren mailako ikasleentzako bideo jokoei buruzko tailerra, oso harrera onarekin. Bi ordutan bideo jokoen eta sare sozialen gehiegizko erabileraren arriskuez kontzientziatu da, eta egoera estresagarriei aurre egiteko trebetasunak indartu dira. 

Bestalde, Sarean tailerretako parte-hartzea handitu egin da; izan ere, DBHn egindako saioez gain, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetan ere egin dira, informazioaren eta komunikazioaren teknologietara sartzeko eta mugikorra erabiltzeko adin gazteagoa dagoela egiaztatu baita. Horien erabilera osasungarrirako heziketa ematea da helburua. 

Apustu- eta online jokoei buruzko tailerretan ere handitu da ikasleen partaidetza. Horien helburua da ikasleak ausazko jokoen eta kirol-apustuen erabilera desegokia prebenitzeko beharrezko tresnez hornitzea, jolas-denbora murrizteko eta publizitate engainagarriari buruz kontzientziatzeko. 

Aipatutako tailerrekin batera, adin bakoitzari egokitutako hainbat gai lantzen jarraitu da, horien artean, errespetua, adiskidetasuna, tolerantzia, enpatia, droga-mendetasunen prebentzioa eta substantzien arriskua eta mendekotasuna, esate baterako alkoholarena. "Gure ikasleen hezkuntzari eragiten dioten gaiak lantzen jarraitzen dugu adikzioen prebentzioaren eta emozioen kudeaketaren arloan, Udalaren prestakuntza-eskaintza gela guztietara hurbildu ahal izateko ikastetxe guztien laguntza estua eskertuz", nabarmendu du Carmen Díaz Gizarte Kohesioko zinegotziak.