Ekainetik aurrera, tratu txarreko harremanak alde batera uzteko eta zaintzarako eta autozaintzarako funtsezko tresnak barneratzeko helburuak dituen 'Tratu ona nire bizitzan' izeneko tailerrak eskainiko ditu Ugao-Miraballesko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlanean abiarazitako proiektu batean. Ekimen honekin harremanetako zailtasunei aurre egiteko eta berdintasunezko loturak eta osasuntsuak sustatu nahi ditu Udalak.

Ikastaroaren egitarauak parte-hartzaileei ongizate emozionala eta fisikoa hobetzeko beharrezko tresnak emateko diseinatutako eduki ugari biltzen ditu. Landu beharreko gaien artean daude, besteak beste, estresari eta antsietateari ekitea, “Tratu txarretik” “Tratu onera” igarotzean emakumeei laguntzea edota harremanetako zailtasunak aztertzea eta lotura osasuntsuak sustatzea. Topagune seguru eta abegikorra izango da, eta hiru dimentsiotan landuko da "Tratu ona": barnekoa, harremanetakoa eta soziala.

Tailerra Inma Merinok emango du, hamarkada bat baino gehiagoko esperientzia duen terapeuta eta hezitzaileak, gai horiek emakume-taldeekin lantzen, bai elkarteetan, bai Euskadiko hainbat udalerritako Jabekuntza Eskoletan. Sei saiotan egingo da, bakoitza bi ordukoa. Lehenengo bi topaketak ekainaren 12an eta 26an izango dira, 17:00etatik 19:00etara, Jane Jauregian. Gainerako lauak irailaren 18an eta 25ean eta urriaren 2an eta 9an egingo dira, ordutegi eta leku berean.

​Udalak tailer hau esperientzia eraldatzailea izatea nahi du, harreman osasuntsuagoak eta bizitza orekatuagoa eraikitzeko beharrezko tresnak eskainiz. Informazio gehiagorako edo izena emateko: 94 6480711 telefono zenbakian edota berdintasuna@ugao-miraballes.eus​ helbide elektronikoan.