Abadiñoko Udalak 50.000 euroko aurrekontua bideratuko du udalerriko hainbat eremutan argiztapena hobetzeko, hori izan baita herritarrek 2024ko Aurrekontu Parte-hartzaileen partidarako proposatutako proiektuen artean gehien bozkatu dutena. Udalak beste 50.000 euro bideratuko ditu oinezkoentzako pasaguneak identifikatzeko argi-sentsoreak instalatzeko, eta 30.000 euro umeentzako guneen segurtasuna eta perimetroa hobetzeko.

24 proiektuen zerrenda osoa eta bakoitzak jasotako babesa, bai eta azken fase honetako parte-hartzearen datuak ere, eskuragarri daude jada udalaren webgunean (Zerbitzuak – Gobernantza – Parte-hartze prozesuak). Proiektuak bozkatzeko azken fase honetan 428 galdetegi jaso dira –209 online eta 219 aurrez aurre–. Guztira, 412 pertsonak parte hartu dute (% 60 emakumeak). Iaz, berriz, 296 pertsonak hartu zuten parte. Horrek esan gura du parte-hartzeak nabarmen egin duela gora, eta horrek markatu du prozesu osoa.

Izan ere, 252 pertsonak –iaz halako bi– Abadiño hobetzeko 509 proposamen aurkeztu zituzten –aurreko edizioan baino 300 gehiago– Aurrekontu Parte-hartzaileen lehen fasean. Ondoren, udal teknikariek horietako bakoitzaren bideragarritasuna aztertu zuten, herritarren esku jarri zen 24 proiekturen zerrenda zehazteko. Proiektu horiek aurtengo udal aurrekontuan sartuko dira.

“Boto gehien jaso dituzten hiru proiektuak ditugu mahai gainean, eta horien artean banatuko da aurrekontu parte-hartzaileetarako aurreikusitako partida. Gainerako proposamenak kontuan hartuko ditugu, herritarrek eskatzen dituzten hobekuntzei buruzko argibideak ematen dizkigutelako, eta, beraz, horiei erantzuten saiatuko gara”, azaldu du Mikel Urrutia alkateak.

Alkateak eskerrak eman ditu parte-hartzearen gorakadarengatik, eta herritarrei dei egin die parte hartze prozesu horietan modu aktiboan parte hartzera, euren proposamenak gobernu taldeari helarazteko. “Parte-hartzea beste urteetan baino handiagoa izan bada ere, % 10etik behera dago. Gure helburua herritarren parte-hartzearen kultura sendotzea eta horretan aurrera egitea da, eta, herri gisa ahalegin kolektiboa eginez, parte-hartze balio altuagoetara iristea espero dut”, amaitu du.