G: 58. Durangoko Azokaren irudia egiteko enkargua jaso zenuen momentutik zer pentsatu zenuen?

E: Ilusio handiz jaso nuen enkargua, halako ekitaldi baterako irudia sortzeak motibazio handia sortzen baitu. Azoka erakusleiho handi bat da, eta egindako lana jende askorengana iristen da. Horrek ere badu presio puntu bat, bertigo pixka bat eman zidan hasieran, baina erronka bat bezala hartu nuen, eta nire estiloaren barruan zerbait berria egitea erabaki nuen.

G: Nola deskriba dezakezu kartel hau?

E: Kartelaren xedea azokaren mundu propio bat sortzea zen, musika, literatura, bideogintza etab. pertsonai fantastikoekin batuz. Giro alai eta koloretsu bat sortu nahi izan nuen Azokaren jai-alderdia isladatzeko. Kartelaren behekaldean aurpegi urdin bat ikusi dezakegu, goran dagoen liburua irakurtzen. Bere ahotik piano bat ateratzen da, erdiko larroxeraino iristen dena, eta bertatik ur-jauzi bat jeisten da, aurpegia bera sortuz. Ideia kultura eta sorkuntzaren arteko harremana irudikatzea zen, halako ziklo bat sortuz; sortuta dagoena eta sortzen ari denaren artean.

G: Ze metodologia jarraitu duzu?

E: Hasieratik argi euki nuen kartela 3D-an egin nahi nuela, baina lehenengo beti egiten dudan bezela marrazkitik abiatu nintzen eta, hala, bi bozeto sortu nituen. Sorland agentziako ekarpenekin hirugarren bozeto bat egin nuen, azokako elementu gehiago sartuz eta halako mundu txiki bat sortuz. Behin bozeto finala eukita, 3D-an lan egiten hasi nintzen, errealitate birtualeko edo VR betaurreko eta mando batzuekin lan eginez. Espazio birtual baten barruan egoteak sekulako askatasuna ematen du.

G: Zer suposatzen du zuretzat zure diseinuetako bat Durangoko Azoka bezalako ekitaldia iragartzen duen irudia izatea?

E: Aukera polita iruditzen zait nire lana jende gehiagorengana helarazteko, normalean musikaren munduarekin lotuta egiten dut lan, beraz publiko berri baten gana iritsi daiteke sortutakoa.

G: Amaitzeko, nola biziko duzu aurtengo Azoka?

E: Nire lehen Azoka izango da, beraz ilusioz eta urduritasun pixka batekin.