Ez da ohikoa izaten, baina Lea-Artibaiko hiru udalerri handienek elkarlanean oinarritutako Lan Eskaintza Publikoa aurkeztu berri dute, bihar bertan Bizkaiko Aldizkari Ofizialean publiko egingo dena. “Udaltzaingoaren eredu komunitario bateranzko bidean”, Lekeitioko, Markina-Xemeingo eta Ondarroako udalek bat egin dute, herri hauetan lan egiteko eskainiko diren plazak argitaratuz.

Asteon egin zuten hiru udalerrietako alkateek lan eskaintza publikoaren gaineko informazioaren zabalkunderako prentsaurrekoa. Aurkezpenean Urtza Alkorta Ondarroako alkatea, Ander Aldazabal Lekeitioko alkatea eta Iratxe Lasa Markina-Xemeingo alkatea egon ziren. “Lea-Artibai eskualdean hiru herri hauetan eskaintzen da udaltzain zerbitzua, eta eskualdetik abiatuta eredu komunitario bateranzko lehen urratsak ematea da asmoa, herri txikietara zuzendutako hurbileko udaltzainen zerbitzua eskaintzeko”, azaldu zutenez.

“Zerbitzuaren kalitatea areagotzen jarraitzea eta behin-behinekotasunarekin amaitzea” dira prozesu honen helburuak; Ondarroako udalak “langileek behin behinekotasun tasa %8tik jaitsi nahi du”, diotenez. Deialdi publikoa argitaratzeko eguna urriaren 16a –bihar– izango da, astelehena, eta bertan agertuko dira izena emateko epeak zeintzuk diren. Bost izango dira lehiaketa-oposaketa bidez eskainiko diren udaltzaingoaren plazak: postu bat eskainiko da Markina-Xemeinen, hiru Ondarroan eta beste bat Lekeition.

Urriaren 16an argitaratuko da lan eskaintza publikoaren deialdia Bizkaiko Aldizkari Ofizialean eta bertan zehaztuko dira prozesuan izena emateko epeak eta aukerak. Alkateek aipatu zutenaren arabera, “herritarrentzat lan egin baino, herritarrekin batera lan egin behar du gure herrietako udaltzaingoak: euskaraz, gertutasunarekin, arazoak daudenean bitartekaritza eskainiz, eta herriaren berezitasunak eta idiosinkrasia ezagututa. Eredu komunitario horretan, esaterako, ez da sartzen delinkuentzia maila hain baxua eta mota zehatz batekoa daukagun herrietako udaltzainek suzko-arma (pistola) erabili behar izatea, legez ezarri nahi diguten moduan”

“Eskaintza bateratu honetara bildu dira Lekeitio, Markina-Xemein eta Lemoa ere, ikusi dutelako gurea bezalako herriek badaukatela beharrizan berezi bat Udaltzaingo eredu komunitario baterako”, esan zuen Ondarroako udaltzainburuak. “Herri txikien beharrizanei hobeto erantzuten die halako prozesu batek, inguruko jendeari aukera eman eta polizia eredu zurrunetik aldentzen den udaltzaingo eredu bat osatzeko. Udaltzaingo komunitario bateranzko bidean, bitartekaritzan, hurbileko tratuan eta herria eta herritarrak balioan jartzen dituen eredu baten aldeko apustua da hau”.

%40 emakumeentzat

Ondarroak, hiru udaltzain plaza eskainiko ditu prozesu bateratu honetan, eta horietatik bat emakumeentzako izango da, Ondarroako Udaltzaingoaren Plan Bereziko berdintasun atalean jasota agertzen den modura. Eskaintzen diren plazen %40a emakumeei bideratuta egongo dela zehazten da plan horretan. Markina-Xemeinek plaza bat eskainiko du, beste bat Lekeitiok (gehiagora zabaltzeko aukerarekin) eta beste bat Lemoak: “prozesuan bertan aukeratuko dute hautagaiek zein den gehiago atsegin duten lantokia, eta gero oposaketen puntuazioaren arabera esleituko zaie lekua”. “Azterketan, herriaren ezagutzari buruzko atala ere zein herriri buruzkoa egin hautagaiek aukeratuko dute”, gaineratu dutenez.

Lan eskaintza

  • Bost plaza. Markina-Xemein, Lekeitio eta Ondarroako Udalek bat egin dute lan eskaintza publikoan. Orotara, udaltzaingoaren bost postu eskainiko dira: bat Markinan, hiru Ondarroan eta beste bat Lekeition. Bihar argitaratuko da deialdia Bizkaiko Aldizkari Ofizialean eta bertan zehaztuko dira prozesuan izena emateko epeak eta aukerak.
  • Polizia eredua. “Herritarrentzat lan egin baino, herritarrekin batera lan egin behar du gure herrietako udaltzaingoak: euskaraz, gertutasunarekin, arazoak daudenean bitartekaritza eskainiz, eta herriaren berezitasunak eta idiosinkrasia ezagututa”, nabarmendu dute lan eskaintza publikoa osatu duten hiru udalerrietako alkateek.