Bilboko Portuak eta Mercabilbaok berriro elkartu dituzte sinergiak Fruit Attraction-en, fruta eta barazkien trafiko berriak erakartzeko. Urriaren 3tik 5era bitartean, Madrilgo azoka sektoreko kargatzaileen eta operadore logistikoen gune neuralgiko bihurtuko da, eta Portuko Agintaritzaren eta Iberiar Penintsulako iparraldeko eta Frantziako hegoaldeko elikagai galkorren banaketa-zentro handienaren ordezkariek haien instalazioak eta zerbitzuak ezagutaraziko dituzte. Instalazio eta zerbitzu horiek hiru ezaugarri nagusi dituzte trafiko mota horretarako: bizkortasuna, segurtasuna eta trazabilitatea.

Zerbitzu aipagarrien artean, Bilboko Portuko Mugako Kontrol Postua dago. Eguneko 24 orduetan aritzen da lanean, eta merkataritza elektronikoko plataformak koordinatzen du haren funtzionamendua, ahalik eta arintasun handiena bermatzeko. Instalazio hori edukiontzien terminalaren ondoan dago, automatizazio-maila handia du eta 540 entxufe-hartune ditu reefer edukiontzientzat.

Bilboko Portuak, gainera, ro-ro eta xede anitzeko terminalak eta galkorren biltegiak ditu. Batetik, Frioport hotz-terminalak 4.800 metro koadro ditu, guztira 16.300 metro kubiko edukiera duten bi izozte-ganbera -25 gradutan eta hiru hotz-ganbera positibo, batera 7.500 metro kubikoko eskaintzen dutenak.

Bestetik, Progecok salgaiak biltegiratzeko eta ontziz aldatzeko bi instalazio ditu, 6.000 metro koadroko hotz positiboa osatzen dutenak. Gainera, enpresa horrek hozteko edukiontziak biltegiratzen, mantentzen eta konpontzen ditu, eta, horretarako, hainbat profesional ditu, edozein gorabeherari erantzuteko, bai egituran, bai hozteko makinetan. Horrela, urteko 365 egunetan ontzi-enpresei eta sektoreko bezero guztiei zerbitzua ematen die, eta hotz-kateko itxaronaldiak eta hausturak saihesten ditu.

Mundu osoko 800 portu baino gehiagorekin eta produktu galkorren trafikoan esperientzia handia izanik, Erdialdeko Amerikako, Hego Amerikako eta Hego Afrikako produktu freskoen inportaziorako eta Europako iparralderako esportaziorako hub gisa jarduten du Bilboko Portuak. Nabarmentzekoa da Erresuma Batuarekin eta Irlandarekin izandako ibilbide luzea, barazkien eta fruten merkataritzan.

Mercabilbao, kokapen paregabea nazioartekotze-estrategia baterako

Bilboko Portuaren inguruan dago Mercabilbao, Iberiar Penintsulako iparraldeko eta Frantziako hegoaldeko elikagai galkorren banaketa-zentrorik handiena, eta lotura zuzena du autobide-sarearekin. Kokapen paregabe horri esker, Bizkaiko bi erakundeak puntu ezin hobea dira batera nazioartekotzeko estrategia eraginkor bat gauzatzeko, eta aukera ugari ematen dizkie hortofrutikultura-sektoreko operadore logistikoei, bai baliabideen, ekonomiaren eta denboraren ikuspegitik, baita eskura dauden azpiegituren edo lehendik dauden biltegi logistikoen ikuspegitik ere. Ildo horretan, 2022an, Mercabilbaok 229.409,3 tona fruta eta barazki merkaturatu zituen. Kopuru horri esker, erreferentziazko Elikagai-merkatua da.

Bilboko Portuarekin duen harreman horrek lehiatzeko abantaila ematen dio Elikagaien Unitateari, fruta eta barazkien trafikoa erakartzeko. Horri esker, Europako eta Ameriketako beste merkatu batzuekin konekta daiteke, batez ere, Euro-Euskadi Akitania eskualdeko jarduera bateratuen esparruan. Mercabilbaok eta Bordeleko Merkatu Nagusiak lankidetza estua dute, jarduera bateratuak garatzeko eta gizarteari zerbitzu hobea emateko.