Oihane Lekunberri markinarrak 17 urte inguru daramatza Atxondon bizitzen, Axpeko Biezko baserrian hain zuzen ere. Bertan, sei logela bikoitzeko ostatua izateaz gain, nekazaritza ekologikora dedikatzen da; oilo, sasoiko barazki eta frutekin, eta bizitza-proiektu honetan Aner Garitaonaindia du bidelagun. Erronka berria, sendabelarren tailerrak eskaintzea izango da, Atxondo Kultura Mahaiak eta udalak bultzatu duen ekimen berri bati esker. “Sendabelarren mundua betidanik gustatu zait eta ama izan aurretik – Aner eta Oihanek 13 eta 7 urteko bi alaba dituzte– xaboiak eta horrelakoak egiten nituen, baina denbora asko ezer egin gabe egon nintzen eta belarrekin zer egin begiratzen hasi nintzen, liburuak irakurtzen, dokumentatzen eta ikertzen. Kuriositatea areagotu egin zen pandemiaren konfinamenduan zehar; agroturismoa eta dena geldirik zegoela, aprobetxatu nuen proba desberdinak egiteko eta ile-xanpu solidoak egiten hasi nintzen”, azaldu Oihane Lekunberrik.

Ingurumen zientziatan lizentziatua, Bartzelonan doktoretza egiten hasi zen, baina bueltan itzuli zen eta 2007tik baserriari lotuta egon da ekoizle gisa. 45 urteko nekazari atxondotarrak aipatu duenez, “sasoiko produktu ekologiak eta jasangarriak landatzen ditugu, barazkiak eta fruta-arbolak eta, ortuko produktuekin, bezeroei otzarak prestatzen dizkiegu”. Hori guztia permakultura-sisteman oinarritutako produkzio-sistema jasangarri baten alde eginez, eta baso jangarri txiki bat ere gehituz.

Bereziki, Biezko baserriko ortua bisitatzen denean, deigarria da landa eremu honek duen diseinua. “Hasi ginenean hainbat uholde jasan genituen, urak ortuaren erdia zeharkatzen zuelako eta dena eramaten zigun. Permakulturan keyline edo curvas de nivel izeneko landaketa-sistema bat zegoela ikusi genuen. Normalean, sistema hori baliabide hidriko urriak dituzten eremuetan erabiltzen da. Gure kasuan kontrakoa behar genuen, hau da, ur hori guztia lurraren gaineko kurba-lerroen bidez bideratzeko modu bat, eta, horri esker, urak lurzorua askoz ere mantsoago zeharkatzen du, eta egindako maldekin osatu diren tontorrak aprobetxatuz, sendabelarrak ere ereitea erabaki genuen”, gogoratu du.

Sendabelarren destilazio tailerrari dagokionez Oihanek aurreratu duenez, “lehenik, paseo txiki bat emango dugu ortuan eta hemen ditugun sendabelar motak azalduko dut. Egun horretan landare bakar batekin lan egingo dugu eta alanbikean destilatuko dugu. Behin hidrolatoa daukagunean pertsona bakoitzak botilatxo bat eramango du. Hidrolato horrek dituen propietateak edota funtzioak azalduko ditugu eta zertarako erabil daitekeen azalduko da. Bi ordu eta erdi inguruko iraupena izango du tailerrak eta batez ere, helburua sendabelarren mundu magikoarekiko jakin-min hori piztea da. Gure amonek zituzten eta gaur egungo gizarteak galdu dituen ezagutzak berreskuratzea da; naturarekin konektatzea eta bat egitea”.

Siempreviva. Curryaren oso antzeko usaina du. O. B.

Izan ere, sendabelarrak aspalditik erabili izan dira gaixotasun ugari tratatzeko. Zibilizazioaren hasieratik, gizakiari lagundu diote, zenbait gaitz sendatzeko gai diren sendagai desberdinak eskainiz, propietate naturalei esker. Horrela, sendabelarrak infusioak prestatzeko erabil daitezke, sukaldean, aromaterapian, baita produktu kosmetikoak sortzeko ere; hala nola xanpu solidoak, xaboiak, kremak, hortzetako pasta, baltsamoak eta ukenduak. Ildo horretan, zauriak, granoak, ziztadak eta antzekoak kentzeko edo eragindako mina gutxitzeko erabiltzen dira. “Gure kasuan, hainbat landare ditugu, hala nola menta, oreganoa, manzanilla, valeriana, ekinazea, salbia, labanda, erromeroa, siempreviva edo helichrysum, soldabelarra edo consuelda, San Juan belarra edo hiperikoa eta plantaina”, laburbildu du.

Tailerrak

Oihanek eskainiko duen sendabelarren destilazio tailerra uztailaren 27an izango da, arratsaldeko 17:00etan Axpeko Biezko baserrian. Plazak mugatuak direnez, tailerrean parte hartu nahi dutenek aldez aurretik izena eman beharko dute udal liburutegian eta 3 euroko prezio sinbolikoa ezarri da.

Plazak betez gero, eta ziurrenik beteko dira, uztailaren 26an tailer berri bat egitea aurreikusten da. Informazio gehiago behar izanez gero, 697 196 748 telefonoan edo liburutegia@atxondo.eus helbide elektronikoan eskura daiteke.