Aurreko edizioak izandako arrakasta kontuan izanda, Galdakaoko Udalak martxan jarriko du merkataritza-bonuen kanpaina berri bat. Datorren astelehenean, maiatzak 8, jarriko dira salgai. Nobedade gisa, oraingo honetan online erosi ahal izango dira.

Kanpainaren helburu nagusia bertoko merkataritza sustatzea da, erosketak herrian bertan egitea bultzatzea. Horretarako, 22.000 bonu jaulkiko dira 10 euroko prezioan, baina 15 euroko balioa izango dute kanpainarekin bat egiten duten saltokietan trukatzean. 

Astelehenean, maiatzak 8, jarriko dira salgai 09:00etan, agortu arte. Online egin beharko dira erosketak, helbide honetan. Norbaitek zailtasunak izango balitu internet bidez erosteko, Udalak horretarako laguntza eskainiko lioke: udaletxeko langile bat erosketa online egiten laguntzeko prest egongo da udaletxeko sarreran, 09:00etatik 14:30era arteko ordutegian.

65 urtetik gorakoek bonuak aurrez aurre erosteko aukera ere izango dute. Horientzat ere astelehenean zabalduko da Dendari Elkarteak Muguru plazan duen bulegoa (09:00-14:00 / 15:00-19:00). Galdakaon 65 urtetik gorakoen artean aurrez aurre saltzeko 4.700 bonu gorde dira. Horiek agortzen direnean itxi egingo da Muguruko salmenta bulegoa, eta astelehenean agortuko ez balira, asteartean ere zabalduko litzateke ordutegi berean, agortu arte.

Bakoitzak 65 urtetik gorako bi pertsonen NANak eraman ahalko ditu gehienez, eta NAN zenbaki bakoitzeko 4 bonu hartu ahalko dira.

Usansolorako beste 800 bonu gorde dira 65 urtetik gorakoen artean aurrez aurre saltzeko. Asteartean, maiatzak 9, jarriko dira salmentan Usansolon, Oletxe kaleko 19an, 09:30-13:00 eta 16:00-19:00 ordutegian.

Kanpaina 2023ko maiatzaren 8tik ekainaren 30era izango da, eta beraz, bonuak trukatzeko azken eguna ekainaren 30 izango da. Epea igarotakoan, balioa galduko dute ordainbide gisa. Gehienez 4 bonu erosi ahal izango dira pertsona bakoitzeko, eta txartelarekin baino ezingo dira ordaindu.

Udalak, erosketak tokiko dendetan egiteko ohituraren garrantzia azpimarratu nahi du, eta aldi berean, kontsumo arduratsuaren aldeko deia egiten du.