Amorebieta-Etxanoko Udalak 80.000 euroko inbertsioa egingo du udalerriko argiteria publikoa hobetzeko. Besteak beste, LED argiak instalatuko ditu herriko hainbat gunetan, energia-eraginkortasunaren eta herritarren segurtasunaren aldeko apustu eta konpromisoari helduta.

Sei esku-hartze

Epe motzean aurreikusitako sei esku-hartzeetatik hiru apirilerako amaituta egongo dira. Alde batetik, Zelaieta parkeko argiztapena hobetzeko lanean ari da Udala. Bertan, sei argi-zutabe berri jartzen ari dira, bakoitza hainbat proiektagailuekin. Era berean, Ibaizabaleko aparkalekuaren argiztapena ere hobetuko du, hiru argi-zutabe berri jarriz. Eta, azkenik, Durangotik udalerrirako sarrerako argiteria publikoa, hau da, Ibarrako zubiaren eta Gure Kiroletako biribilgunearen arteko tartea, apirilerako ere hobetu egingo du.

Era berean, San Juan kaleko zati batean argiztapena hobetzea ere aurreikusten du Udalak eta horretarako bi argi-zutabe berri jarriko ditu. Eta herriko auzoen aldeko apustuari helduta, halaber, Erkoles inguruko eta Arkotxa auzoko argiterian ere hobekuntzak egitea aurreikusi du: lau argi-zutabe berri jarriko dira, hurrenez-hurren.

LED argiteria eta herritarren segurtasuna

Esku-hartze horien bitartez herriko eremu desberdinak modu eraginkorrean argiztatu nahi ditu Amorebieta-Etxanoko Udalak herritarren bizi-kalitatea hobetzeko. Gainera, LED argiak jartzeak argiztapen on baten bitartez kontsumo elektrikoa jaistea eta jasangarritasun energetikoaren alde urrats bat gehiago ematea ahalbidetzen du.

Bestalde, hobekuntza horien bitartez, herritarren segurtasuna ere hobetzea helburu du Udalak. Izan ere, parkeetan, kaleetan, lorategietan edo hainbat espaziotan argiteria publikoa hobetzeak ekintza bandalikoak murrizten laguntzen du, eta kalean dabiltzan pertsonentzako arrisku-sentsazioa gutxitzen du.