Arratiako txoko ezkutuak ezagutzeko helburuarekin, Amorebieta-Etxanoko Udalak Ibiliaz Ezagutu egitasmoa berreskuratu du. Ekimen honen baitan, udaberrian, lau ibilaldi antolatuko dira, hala nola Belatxikieta ingurua, Gorbeiaren handitasuna, inguruko mendi tontorrak, ur jauziak, eta bide ezkutu eta bakartiak ezagutzeko. Aurreneko ibilaldia martxoaren 18an egingo da, Amorebieta-Etxano eta Igorre artean. “Arratia bertatik bertara dugun eskualdea bada ere, ezaguna bezain ezezaguna da askorentzat”, adierazi zuten udal arduradunek.

Zailtasun ezberdinetako ibilbideak izango dira proposatutako guztiak. Horrela, aurreneko ibilaldia zailtasun ertaineko 14 kilometro izango dira, eta Belatxikieta ingurua igaroko dute parte-hartzaileek, Arratiara iritsi aurretik. Bigarren ibilbidea martxoaren 25ean burutuko da hori eta erraza izango da. 15 kilometroko txangoa izango da, Igorretik Zeanurira joango dena. Parte-hartzaileak Arratiako hiriburutik abiatuko dira, eta hegoalderantz egin ondoren, Gorbeiaren edertasunaz gozatzeko aukera izango dute.

Apirileko atsedenaldiaren ostean, hirugarren irteera maiatzaren 6an izango da, zailtasun ertaineko 14 kilometro Zeanuri eta Artea artean. Ibilbidean zehar parte-hartzaileek basoak, landak eta ur jauziak zeharkatu eta ikusiko dituzte, guztia, gurutzearen begiradapean. Hala, mendi inguruetako bide ezkutu eta bakartietan barrena emango dute goiza.

Azkenik, ekimen honetako laugarren ibilaldian etxera buelta egingo dute parte-hartzaileek: zailtasun ertain-zaileko 16 kilometro, Igorre eta Amorebieta-Etxano artean. Mendi tontor esanguratsuenak zapaldu eta gero, Amorebieta-Etxanora buelta egingo dute parte-hartzaileek.

Irteera guztiak goizeko 8.00etan abiatuko dira Nafarroa parkinetik eta izena ematea beharrezkoa izango da. Horretarako azken eguna irteera bakoitzaren aurreko osteguna izango da. Prezioa 8 euroko da irteera bakoitzeko eta beharrezkoa da Ametx txartela izatea.