Lurraldeko basogintzaren garapen orekatua lortzea izan da Bizkaiko Foru Aldundiaren erronka nagusienetariko bat 2022an. Hori lortzeko, 4.858.722 euroko aurrekontua bideratu egin du, 868 laguntzatan banatutakoa.

Hasieran laguntza horietara bideratuko zen zenbatekoa handitu da, 4,2 milioi eurotik 4,8 milioi eurora, dirulaguntza horiek arautzen zituzten oinarrietan ezarritako baldintzak betetzen zituzten aurkeztutako eskaera guztiei arreta eman ahal izateko.

Bideratutako zenbateko globaletik, zatirik handiena, hau da, 4,2 milioi euro, honela banatu da: hogei enpresaren, ondasun komunitate baten, lau elkarteren, bi udalen eta basoen jabe diren 818 familiaren artean, hainbat jarduera gara ditzaten, hala nola basoetan zuhaitzak landatzeko eta basotzeko jarduerak, hondamendi naturalek eragindako kalteak prebenitzeko, baso ekosistemen ingurumen gaitasuna eta balioa areagotzean inbertitzeko, baita baso teknologietan eta baso produktuak eraldatu eta mobilizatzean ere inbertitzeko.

Guztira, 1.169 hektareako azaleran zuhaitzak landatzea eskatu da. Horien artean, 525 hektareatan ziklo laburreko koniferoak landatuko dira (intsinis pinua, pinaster pinua eta taeda pinua). Beste 376 hektareatan ziklo ertaineko koniferoak landatuko dira (Douglas izeia, larizak, Lawson altzifrea, Cryptomeria japonikoa, pizea, zedroa, pinu beltza, pinu basatia edo sequoia), 103 hektareatan ziklo ertaineko hostozabalak landatuko dira (urkia, basa gereziondoa, lizar arrunta eta hegoaldeko lizarra, astigar zuria, haltza arrunta, tuliperoa, haritz gorri amerikarra eta akazia faltsua) eta gainerako 165 hektareak ziklo luzeko hostozabalekin landatuko dira (gaztainondoa, intxaurrondoa, haritz arrunta, haritz kandugabea, artea, artelatza, pago arrunta eta ezki arrunta).

Gainerako 600.000 euroak jabeen bederatzi taldeen artean eta lurraldeko udalek sustatutako hamalau proiektuen artean banatu dira baso pistak eta bide azpiegiturak eraikitzeko, egokitzeko, hobetzeko eta mantentzeko lanak finantzatzeko.

Laguntza horiek norgehiagoka erregimenean eman dira eta azken helburua da naturako baliabideen kudeaketa jasangarria bermatzea eta klima aldaketaren aurkako borrokan laguntzea, eta aldi berean, lurralde garapen orekatu bat lortzea, tokiko ekonomia lagunduta, basogintzan enplegua sortzea eta mantentzea sustatzea eta basogintzaren lehiakortasuna areagotzea.

Helburu horiek lortzeko, Bizkaiko Foru Aldundiak lehentasun jakin batzuk ezarri zituen laguntzak emateko orduan, barne hartuta sektorean ezagutza eta berrikuntza transferitzea, landaketen bideragarritasuna hobetzea eta baso kudeaketa jasangarria sustatzea, biodibertsitatea berriztatzea, babestea eta hobetzea, lurzoruen higadura prebenitzea, baliabideen eraginkortasuna sustatzea eta karbono gutxiko ekonomia batera igarotzea sustatzea, besteak beste.