Gautegiz Arteagako Udalak, aurtengoan ere, Gabonetako negulekuak antolatu ditu. “Euskal mitologiagaz” lotutako jarduerez gozatzeko aukera izango dute udalerriko txikienek –hiru eta 10 urte bitarteko umeek–, abenduaren 26tik urtarrilaren 5era bitartean egingo diren ekintzetan.

“Gabonetako kanpamentu hauek, kultur arloko dibertsioa eta jolasak eskaintzeaz gain, laguntza bikaina dira lana eta familia bateragarri egiteko”, Udaletik azaldu dutenez. “Gurasoek eta herriko umeek beti adierazi digute pozik dagozela jarduera hauekin; izan ere, aisialdirako aukera ona, entretenigarria eta didaktikoa aurkitzen dute bertan, eta, gainera, harremanak estutzeko eta belaunaldi barriek sustraiak Gautegiz Arteagan dituztela sentitzeko balio du”, adierazi du Juan Felix Naberan Gautegiz Arteagako alkateak.

Hiru eta 10 urte bitarteko umeei zuzendutako udalekua abenduaren 26, 27, 28, 29 eta 30ean eta urtarrilaren 2, 3, 4 eta 5ean izango da. “Ordutegia 10:00etatik 14:00etara da, eta 09:30etik aurrera harrera zerbitzua eskeiniko da. Egiten diren jarduera guztiak, esaterako eskulanak, jolasak edo ipuinak, gai nagusi bategaz lotuta egongo dira”, aurten Euskal Mitologia izango dena. Prezioa 60 eurokoa izango dela aurreratu dute, nahiz eta seme-alaba bat baino gehiago dituzten familiek deskontuak izango dituzten. – I. F.