Oso gutxi falta da Gabonetarako, eta pixkanaka-pixkanaka herria dekoratzen hasi da Barakaldoko Udala. Bada, datorren asteko ostiralean, abenduak 2, argien pizketari ekingo dio Herriko Plazan.
Oraingo honetan, aurten 40. urteurrena ospatzen duten bertoko Udal Musika Kontserbatorioko eta Udal Euskaltegiako ikasleek piztuko dituzte argiak: aurreratu du Kultura Arloko zinegotzi Nerea Canterok prentsaurrekoan.
19:00etatik aurrera, Gabonetako ehunka argi-apaingarri piztuko dira, gabon-giro atsegin bat sortuz Barakaldon eta haren auzoetan. Iaz bezala, 400 apaingarri, 100 argiztapen horizontaleko elementu eta farolak, 300 zuhaitzetan eta bestelako kolore-anitzeko argiztapena, argi finkoa, keinukaria, distirak... denak led argiak.
"Aurreko urteetan bezala, une magikoa iritsi baino lehen, haur barakaldar txikiei eta euren familiei zuzendutako arratsalde berezi bat prestatu nahi izan dugu, aldi berean helduen magia ernatuko duena, argiaren inguruan jai-giroa sortuz", azaldu du zinegotziak. Horrela, bertaratzen direnak sekulako kalejira argitsu batez gozatuko dute 18:30etik aurrera, bai eta ondorengo argi-pizteaz ere, Herriko Plazan.
Gabon Magiko Zuria ikuskizuna da: Murcia Hipocampos Teatro konpainiaren kalejira zoragarriak. Edertasunez eta originaltasunez betetako ikuskizun magikoa, 13 elementu dauzkana: pinpilinpauxak, izarrak, herensugeak, zaldiak, unikornioak¿ Guztiek emango dute distira gauean, beren argiztapen originalari esker. Madrilgo Tabarilea Batucada y Circo konpainiak jarriko dio musika kalejirari Light color percusión ikuskizunarekin. Led jantzi liluragarriz eta errtimo ugariz osatutako animazioa.
Argiak piztu ondoren, Gilur Eventosen eskutik etorriko da disko-festa familiarra, dantza egiteko. Bereziki haurrei zuzendutako musika-ikuskizuna. Alde batetik, kantuak abestuko dira, eta bestetik, koreografia dibertigarriak irakatsiko dizkiete hala haur eta gazteei, nola haiekin etorritako gurasoei.
Sorpresa horien guztien ondoren, guztiek irrikaz espero duten txokolatada, eta horrek emango dio amaiera gabonetako arratsalde tipikoari.