Síguenos en redes sociales:

21.000 ikusle bildu ditu aurtengo Lekeitioko Kaleka jaialdiak

“Berpizkunderako” edizioa, “ikuskizun guztietan ikusle kopuru handia” izan dela goraipatu du antolakuntzak

21.000 ikusle bildu ditu aurtengo Lekeitioko Kaleka jaialdiakKaleka

Lea Artibai eskualdeko udaroko kultura ekintza nabarmenetakoa izan ohi da. Eta bi urteren ostean, aurtengoan ere ohiko arrakasta izan dute. Lekeitioko Kaleka jaialdiak bere duen xarma mantentzen duela erakutsi du. Hiru egunetan zehar –uztailaren 8tik 10era– hamalau proposamen ez osatutako jaialdiak, “eguraldi onak lagunduta, ikuskizun guztietan ikusle kopuru handia izatea lortu” du. Kale antzerki jaialdiaren “berpizkundea izango zela” aurreratu zuten. Eta hala izan da. “Inoiz baino indar handiagoarekin bultzatuta etorri da jaialdia bere 32. edizioa ospatzeko. Ikuskizunen izaera anitzaren bidez, arlo eta disziplina desberdinetako kale arteak izan ditugu jaialdian zehar eta ikusleen arrera bikaina izan da, guztira 21.000 ikusletik gora batu ditu jaialdiak”.

Nazioarteko herrialdetatik eta Euskal Herritik etorritako konpainiak izan dira Lekeitioko hamaika txokotan. Baina guztien artean, etxekoak nabarmendu ziren, antolakuntzakoen iritziz. “Lekittoko Deabruak taldearen 10 urtez, hamaika sugar piroteknia ikuskizuna ere izan dugu. Lekeitioko taldeak herriko kaleak su eta argiz bete zituen, milaka ikusle batuz. Zalantzarik gabe jaialdi osoan jarraipen handiena izan duen ikuskizunaz hitz egiten ari gara, publikoa irrikan zegoen berriro de Deabruak ikusteko eta, konpainiaren hamargarren urteurrena ospatzeko, piroteknia ikuskizun paregabea eskaini ziguten”.

Eskerrak

Jaialdia amaitu berri, hala ere datorren urteko 33, jaialdia prestatzen hasiak dira. Antolakuntzatik aurreratutakoaren arabera, “jaialdiak lanean jarraitzen du hurrengo edizioan parte hartzeko deialdia prestatzen”. Datorrenaren prestakuntza lanak hasita, “informazio guztia kaleka.eus orrialdean egongo da udazken honetan”. Kaleka jaialdiak “eskerrak eman nahi dizkie hiru egun hauetan zehar parte hartu duten konpainia, kolektibo, laguntzaile eta, orohar, jaialdi honen parte izan direnei. Edizio hau arrakastatsua izan bada, guztiei esker izan da”.