Udalerriko auzoetako irisgarritasuna hobetzea da Ermuko Udalaren erronka nagusietariko bat. Bada, oraingo honetan, Zerukoa auzoko 3., 4. eta 5. zenbakien artean egin ditu eskailera mekanikoko tarte berriak. Eskailera mekaniko hauek joan den ostiraletik, ekainak 10, erabili daitezke. Ekimen honekin, Udalak auzoaren irisgarritasuna nabarmen hobetu egin du.

Hiru zati edo tarte berriek estalkia dute, eta jarritako berriek sistema bat dute haien egoerari eta denbora errealeko edozein gorabeherari buruzko informazioa emateko.

Hiru eskailera mekaniko horiek ordezkatzeko enpresa esleipenduna TK Elevadores izan da -aurretik Thyssen zena-, eta guztira 373.051,47 euro jaso ditu.

HELBURUA: IRISGARRITASUNA HOBETZEA

Zerukoa auzoko eskailera mekanikoak 2007an estreinatu ziren. Kale horietako desnibel handia bost instalazioren bitartez gainditu zen, Santiago taldean bizi diren pertsonen irisgarritasuna hobetzeko. Auzoko gunerik altuena Ongarai eta Institutuarekin konektatuta dago 2016ko udaz geroztik igogailu baten bidez.

2019an auzoko lehen bi eskaileretan hobekuntzak egin ziren, trakzio-katea aldatuz eta zelula fotoelektrikoak instalatuz, erabilera eta kontsumo elektrikoa arrazionalizatzeko eta osagaien bizitza erabilgarria luzatzeko. Zelula horiek erabiltzaileak detektatzen dituzte eta martxan jartzeko agindua aktibatzen dute presentzia eta erabilera-eskaria hautematen dutenean. Inor ez dagoenean geldirik daude, eta horrela jasangarriagoa da, kontsumo elektrikoa murrizten du eta piezen higadura saihesten du.