Herritarren artean euskararen erabilera sustatzen darrai Getxoko Udalak. Oraingo honetan, 'Gidabaimena euskaraz' kanpainaren edizio berri bat jarriko du martxan, hamahirugarrena izango dena.

Ohiko 100 euroko diru laguntzarekin batera, berritasun gisa, aurten udal web gunean (www.getxo.eus/eu/euskara) test ofizialak euskaraz eskainiko dira eta liburu teoriko eguneratua opatuko zaie eskatzen duten gazteei. "Gazteentzako laguntza eta ekintza hauekin, Udalak euskararen erabilera sustatu nahi du eguneroko jardueretan, eta aldi berean, gidabaimena euskaraz egin ahal izateko dagoen diskriminazioari aurre egitea ere, hori nahi duten gazteek zailtasunez betetako bidea aurkitzen baitute", aipatu du Irantzu Uriarte Euskara zinegotziak. Orain arte 400 bat gazte getxotarrek egin dute azterketa teorikoa euskaraz.

Kanpainaren 13garren edizio honetan Udalak 756 gazte getxotarri bidaliko die kanpainari buruzko informazioa etxera eta, aurrekoetan bezala, 100€-ko hiru txartel zozketatuko ditu gasolina erosteko.

2021ean, 17 gazte getxotarrek jaso zuten 100€-ko diru laguntza gida-baimenaren azterketa teorikoa euskaraz egin ondoren eta gasolina erosteko 100€-ko txartelak Irati Intxausti, Oihan Maguregi eta Jone Esteibarlanda gazteentzat izan ziren. Hirurek azpimarratu dute ikasketak euskaraz egin ondoren gidabaimena ere egitea erabaki zutela, normaltasunez eta euskararen erabilera sustatzeko ere.

Irati Intxausti: "Ikasketak euskaraz egin eta gero, gidabaimena ere euskaraz ateratzea zentzudunena iruditu zitzaidan. Gure hizkuntza sustatzeko ekimen polita da".

Oihan Maguregi: "Eroso sentitzen naiz euskaraz ikasten. Txikitatik ikasi dut euskaraz; beraz, erraza izan da niretzat gidabaimena euskaraz egitea".

Jone Esteibarlanda: "Gazte euskaldunok euskaraz aritzeko eta euskara sustatzeko tentazioa izan beharko genuke, tentazioetako bat gidabaimena euskaraz egitea da".