Irisgarritasuna hobetzea legegintzaldiaren hasiera ezarritako helburu nagusien artean izan du Bermeoko Udalak. Aldez aurretik zenbait lan egin dituzte, eta atorkizunean ere egitea planteatzen dute. Eta horrexegaitik, inbertsio garrantzi-tsua egingo dute, 600.000 eurotik gorakoa. Bizkai Buru eta Atalde erdiguneko kaleak lotzeko, Ignacio Arozena eta San Frantzisko Herri Ikastetxea kokatzen diren inguruan, gune bien artean dauden oztopo arkitektonikoak alde batera uzteko igogailua jarriko dute. Datorren urterako egongo da herritarrentzat erabilgarri, uda pasa ostean lanei ekingo dietelarik.

“Bermeotarren mugikortasuna asko hobetuko dela” nabarmendu zuen atzokoan Aritz Abaroa alkateak, lanei buruzko informazioa emateko antolatutako agerraldian. Lanen lizitazioa aurki irtengo dela aurreratu zuen eta lanek bederatzi hilabeteko exekuzio epea izango dute. Beraz, datorren urteko uda parterako izan liteke erabilgarri. “Zerbitzu berri honek nabarmen hobetuko du bertan bizi diren herritarren eta ikastetxeko patiorako eta haur eskolarako irisgarritasuna. Helburua ez da inguru horretan pertsonen garraio masiborako elementuak edukitzea, baizik eta inguruan bizi diren pertsonen mobilitatea erraztea”, adierazi zuen. Igogailuak bermeotarren bizi kalitatea “nabarmen” hobetuko duela azaldu zuen. “Gure helburu estrategikoetako bat da herriko gune ezberdinetan mugikortasuna hobetzea eta helburu hori lortzeko pausuak ematen jarraituko dugu. Besteak beste, aukera ezberdinak begiratzen gaude Itxasbegi auzoan ere antzeko zerbitzu bat jar-tzeko”.

Igogailua Bermeon ezarri den bigarrena izango da, Zarragoittxin jarritakoa izan zelarik lehenengoa. Guztira, 13 pertsonentzako edukiera izango du eta lau geraleku:lehena institutu parean, bigarrena Haurreskolarako sarbidea izango da, hirugarrenak instituturako jolastokirako sarrera emango du, eta azkena Bizkai Buru kalean izango da. Igogailuaz gain, gaur egun erabilgarri diren eskailarak ere mantenduko dira, nahiz eta dauden kokalekutik pixkat mugitu berako diren. “Azken bi geralekuetan pasarela bi eraiki beharko dira egungo urbanizaziora iristeko”, azaldu dutenaren arabera.

Igogailua metro bat igoko da segundo bakoitzeko eta “beira ijeztuz estalia, gortina-horma homologatuko sistemaren bidez sostengatuko” da, “eta alboetan aluminiozko xaflazko konposite-panelak izango ditu. Irtenbide horri esker, kabina kanpotik ikus daiteke, eta pribatutasun handiagoa ematen zaie aldameneko etxebizitzei eta ikastetxeari”. Bermeoko hiri gune honetan hainbat zerbitzu publiko kokatzen dira: Pergolako aparkalekua, Itxas Ganeko futbol zelaiak, Bermeoko osasungunea, Aritzatxurako sarbidea, Mendiluz hilerria... Eta Bizkai Buru kalean hainbat etxebizitza daudela ere gogoratu zuten.

Aurreratu zutenez, Itxasbegiko iriste erraztasuna hobetzeko hartu zuten konpromisoan lanean ari dira. Igogailu edo elementu mekaniko bat jartzeko proiektua aztertzen ari direla aipatu du Abaroak, laster horren inguruko berriak emango dituztela gaineratuz.

Xehetasunak

Lau geraleku. Igogailuak lau geraleku izango ditu. Beheko geldialdia +30,50 metroko kotan dago, eta bigarren geltokia +32,75 metrokoan, Haurreskola dagoen San Frantzisko Ikastetxe Publikoaren goiko aldera iristeko. Hirugarren geralekua +35,32 metrotara dago, ikastetxearen sarreretako baten maila berean (jarduera-eremuaren eskuinaldekoa), eta, azkenik, goiko geltokiak Bizkai Buru kalearekin komunikatzen du.

24 ordutan. Atalde eta Bizkai Buru arteko igogailua eguneko ordu guztietan izango da erabilgarri, eta kamaraz baliatuko da zaintza lanak egiteko. 13 pertsonentzako edukiera izango du.

“Igogailuak bermeotarren bizi kalitatea nabarmen hobetuko du”

Bermeoko alkatea