Bizkaiko Foru Aldundiak gazteentzako baliabide eta laguntzen gida kaleratu du. Helburua da kolektibo horrek puntu bakar batetik informazio eguneratua eta enpleguari, diru-laguntzei, bekei, etxebizitzari eta prestakuntzari buruzko joeretara egokitua eskuratu ahal izatea, besteak beste. Dokumentuak 16 eta 30 urte bitarteko 155.000 gazteri zuzendutako 114 ekimen eta programa biltzen ditu. Hori guztia Bizkaia Gazteak 2030 estrategiaren barruan kokatzen da.

Hala, gidak gazteentzako interesgarriak diren programak eta ekimenak zentralizatzen ditu eta informazioa kolektibo horri helarazten laguntzen du. Foru erakundeak aukera berdintasuna sortu nahi du eta gazteei euren garapen pertsonal, profesional eta akademikoan lagunduko dieten tresnak eman.

Dokumentuak jarduketak eta programak jasotzen ditu eta Bizkaiko Foru Aldundia osatzen duten 9 sailen lana balioesten du: Gizarte Ekintza; Administrazio Publikoa eta Erakunde Harremanak; Azpiegiturak eta Lurralde Garapena; Ekonomia Sustapena; Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna; Euskara, Kultura eta Kirola; Ogasuna eta Finantzak; Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala; eta Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria. Gainera besteak beste Eusko Jaurlaritzak, Estatuak eta Europar Batasunak sustatutako ekimenak ere biltzen ditu.

Maitane Leizaolak, Bizkaiko Foru Aldundiko Ahaldun Nagusiaren Kabinetearen Koordinaziorako zuzendari nagusiak, nabarmendu du "proiektu honekin Bizkaiko gazteak protagonista izatea gura dugu eta Bizkaiko Foru Aldundiak gazteen emantzipazio bidean bidelagun izan gura du. Gazteentzako aukerak sortzea da gure helburu nagusia, gazteen urtea dugu aurten, Europako gazteriaren urtea, eta baliabide gida honek gazteentzako 114 aukera eskuragarri jartzen ditu Bizkaian zehar euren bizi baldintzak, euren bizitza proiektuak eta emantzipazioa garatu ahal izateko".

Gazteentzako baliabideen eta laguntzen gida Bizkaiko Foru Aldundiaren Bizkaia Gazteak 2030 Estrategiaren esparruan sortu da. Estrategia horren erronka emantzipazio-prozesuak eta gizarte-eraikuntza sustatzea da. Programa eta ekimenen gida bizkaia.eus/gazteak webgunean kontsulta daiteke.